Hiri Izaerako Lursailen Balio Gehikuntzaren gaineko zerga 2002

HIRI IZAERAKO LURSAILEN BALIO GEHIKUNTZAREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEKO ORDENANTZA FISKALA




1. artikulua.

Gipuzkoako Toki Ogasunak erautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araueko 3. Sekzioko III. Atalburuan eta zergari buruzko 16/1989 berariazko arauean xedatutakoaz bat, hiri-izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga arautu eta galdatzen da.


2. artikulua.

Udalerri honetako Lurren Balioen Indizea deritzon taula Ordenantzaren osagaia da.


3. artikulua. Egitate zergagarria

Hiri-lur batek zerga-aldian irabazi duen balioa izango da zerga-gaia, hau da, hiri-lur horren jabetza edozein titulu erabiliz eskuz aldatu edo jabaria mugatzen duen gauzekiko eskubideren bat eratu edota eskuz aldatu bitartean irabazitakoa. Hartarako, aski izango da hiri-lur jota egotea Ondasun Higiezinen gaineko Zergarako, eta berdin izango dio katastroan edo katastroko zergaren erroldan hala jasota edo jaso gabe egotea.


4. artikulua. Ez lotespena

1. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan landa-lur jota dagoen lurrak irabazten duen balioak ez du zerga honenik ordaindu beharrik izango.

2. Jarduera atalen batean sartu gabe egonik Elkarteen gaineko Zergaren araudi berezia ezartzen zaien hiri-lurrek ere ez dute zerga honenik ordaindu beharrik izango eskualdatzea eragiketa hauetako baten ondorioz egiten bada: batzea, banatzea, aktibo ekartzea, balore trukatzea eta aktibo nahiz pasibo lagatze globalak egitea. Dena dela, ordaindu egin behardo da 7/1996 Foru Arauko 101. artikuluaren edo hura aldatzeko emandako beste arauren baten babesean egindako lur ekarpenak egitekoan.


5. artikulua. Salbuespenak

1. Balio-gehikuntzak zerga honetatik salbuetsirik daude zerga ordaindu behar dutenak ondoko pertsona edo Erakundeak izanez gero:

a) Estatua, Euskal Herriko Autonomi Elkartea, Lurralde Historikoa, eta horien Erakunde Autonomiadunak, administrazio-izaerakoak izanez gero.

b) Udala eta bertan dauden udal-erakundeak zein udala kide gisa duten erakundeak eta Udalaren Erakunde Autonomiadunak, adminsitrazio-izaera izanez gero.

c) Ongintzazko edo ongintza-irakaskuntzazko kalifikazioa duten erakundeak.

d) Gizarte Segurantza kudeatzen duten erakundea eta indarrean dauden legeen arabera sortutako giza aurreikuspeneko mutualitateak.

e) Nazioarteko Itune edo Hitzarmenetan salbuespena aitortu zaien pertsona edo erakundeak.

f) Administrazio-emakida jabeganagarrien titularrak, emakida horiei loturiko lursailei dagokienean.

g) Gurutze Gorria eta Lurralde Historikoko xedapenez muga daitezkeen beste erakunde parekagarriak.

2. Halaber, zerga honetatik salbuetsirik daude ondoko egintzen ondorioz azal daitezkeen balio-gehikuntzak:

a) Ezkontza-elkarteari ondasun eta eskubide aportazioen eta beren ogasun amankomunen ordainketa gisa ezkontideek elkarri egindako ondasunen emakidak eta eskualdaketak.

b) Deuseztatze-, banaketa- edo dibortzio-auzietan emandako epaiak betetzearen ondorioz, ezkontideen arteko ondasun higiezinen eskualdaketak seme-alaben alde.

c) Edozein zortasun eskubide eratzea eta eskualdatzea.


6. artikulua. Hobariak

Kuotaren %95eko hobaria jartzea lurren eskualdaketan eta jabaria mugatzen duten gauzekiko eskubideen eskualdaketan edo eratzean, heriotza dela eta irabazi asmoz eginez gero seme-alabei, seme-alaba ordekoei, senar-emazteei, gurasoei edo guraso ordekoei.

Hobaria izateko, dena den, aurrena Udalak onartu behar du hobaria izateko eskubidea izatea.


7. artikulua. Subjektu pasiboak

1.- Hauek izango dira zergadun izaerako subjektu pasiboak:

a) Lurrak eskualdatzekoan edota jabaria mugatzen duten gauzekiko eskubideak eratzekoan, irabazizkoak izanez gero, lurra edo gauzekiko eskubidea jasotzen duen pertsona fisikoa, juridikoa, oinordekoa, jabetza komunitatea nahiz beste edozein erakunde, izaera juridikorik izan ez arren unitate ekonomiko bat edo ondare banandu bat eratzen duena baldin bada.

b) Lurrak eskualdatzekoan edota jabaria mugatzen duten gauzekiko eskubideak eratzekoan, kostu-bidezkoak izanez gero, lurra edo gauzekiko eskubidea ematen duen pertsona fisikoa, juridikoa, oinordekoa, jabetza komunitatea nahiz beste edozein erakunde, izaera juridikorik ezan ez arren unitate ekonomiko bat edo ondare banandu bat eratzen duena baldin bada.

2.- Hauek izango dira zergadunaren ordezko subjektu pasiboak:

Zergaduna Espainian bizi ez den pertsona fisikoren bat izanez gero, lurra edo gauzekiko eskubidea hartzen duen pertsona fisikoa, juridikoa, oinordekoa, jabetza komunitatea nahiz beste edozein erakunde, izaera juridikorik izan ez arren unitate ekonomiko bat edo ondare banandu bat eratzen duena baldin bada, izango da zergadunaren ordezko subjektu pasibo.


8. artikulua. Oinarri zergagarria

1. Zerga honen oinarri zergagarria sortzapenaren unean agerian jarritako eta hogei urteko gehienezko aldian jasandako hiri-izaerako lursailen balio gehikuntza errealak osaturikoa izango da.

2. Gehikuntza errealaren zenbatekoa mugatzeko, sortzapenaren unean lursailak duen balioari Eraskinean agertzen den eskalako portzentaia ezarriko zaio.

3. Artikulu honetako bigarren atalak aipatzen duen portzentaia mugatzeko, ondoko erregelak ezarriko dira:



a) Zergak zergapetutako eragiketa bakoitzaren balio-gehikuntza, gehikuntza hori agerian jarritako urte-kopurua biltzen duen aldirako artikulu honen 2. zenbakian ezarritako urteko portzentaiaren arabera mugatuko da.

b) Sortzapenaren unean lursailaren balioari ezarri beharreko portzentaia kalkulatzeko, kasu jakin bakoitzari ezargarri zaion urteko portzentaia balio-gehikuntza agerian jarri den urte-kopuruaz biderkatu beharko da.

c) Eragiketa jakin bakoitzari ezargarri zaion portzentaia lehehn araua erabilirik mugatu eta aipatu urteko portzentaia hori zein urte-kopuruz biderkatu behar den mugatzeko, bigarren arauaren arabera, balio-gehikuntza agerian jartzen duen aldiaren osagaia diren urte beteak hartuko dira soilik, eragin horietarako aipatu aldiaren zatikiak kontuan hartu ezin baitira.


9. artikulua.

1. Lursailen eskualdaketetan, sortzapenaren unean Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren eraginetarako une horretan finkaturik duena izango da balioa.

2. Harik eta oraingo katastroko balioak Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko 12/1989 Foru Arauko 11. artikuluan eta harekin bat datozen artikuluetan agindutako eran aldatu arte, Lurren balio handitzeari buruzko udal zergako balio indizeen taulek ematen dituzten balioak aplikatuko dira, 1989ko abenduaren 31- geroztik indarren baitira.


10. artikulua.

1. Jabariaren mugatzaile diren gozamendu-eskubide errealak eratu eta eskualdatzean, Eraskinean bildutako urteko portzentaien koadroa 7. artikuluan definitutako balioaren zatiaren gainean ezarriko da, honek aipatu eskubideen balioa adierazten baitu bestearekiko, Ondarearen Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren eraginetarako finkatutako arauak ezarrita kalkulatzen delarik.

2. Eraikin edo lursail baten gainean solairu bat edo gehiago igotzeko eskubidea, edo, azalerako eskubide erreal bat ez dakarrela, zoruaren azpian eraikitzeko eskubidea eratu edo eskualdatzean, Eraskinera bilduriko urteko portzentaien koadroa 7. artikuluan definitutako balioaren zatiaren gainean ezarriko da, honek bestearekiko eskualdatze-eskrituran finkatutako proportzionaltasun-modulua ondorioztatzen duelarik edo, halakorik ezean, hegalkinean edo lurpean eraiki beharreko solairuen azalera edo bolumenaren eta behin haiek eraiki ondoren, guztizko azaleraren edo eraikitako bolumenaren artean proportzioa ezartzearen ondoriozkoa.

3. Nahitaezko desjabetzapen-suposamenduetan, Eraskinean bildutako urteko portzentaien koadroa lursailaren balioari dagokion balio justuaren zatiaren gainean ezarriko da, aipatu lurrari esleitutako katastroko balioa gutxiago denean izan ezik; kasu horretan azken balio horek balioko du eta ez balioespenak.


11. artikulua. Zergazko kuota

Zerga honen kuota lortzeko, oinarri zergagarriari Eraskinera bildutako karga-tipoa ezarrri beharko zaio.


12. artikulua. Zerga noiz ordaindu

1. Zerga noiz ordaindu:

a) Lursailaren jabetza eskualdatzean, bai kostubidezko gisa bai dohainezko gisa, bizien artean edo heriotza dela-eta, eskualdatzen den egunean.

b) Jabariaren gozamendu mugatzailearen edozein eskubide erreal eratu edo eskualdatzen denean, eraketa edo eskualdaketa gauzatzen den egunean.

Arestian xedatutakoaren eraginetarako, honako hauek hartuko dira eskualdatze-eguntzat:

a) Bizien arteko egintza edo kontratutan agiri publikoaz ematen denekoa eta, agiri pribatuak izatekotan, hauek errolda publikoan jaso edo inskribatzen direnekoa edo duen lanbidea dela bitarte herri-funtzionario bati ematen zaizkion eguna.

b) Heriotzagatiko eskualdaketetan, kausatzailea hil den eguna.

2. Ebazpen irmo bidez egintzaren edo lursailaren eskualdaketaren kontratu zehaztatzailearen edo horren gaineko gozamendu-eskubide errealaren eraketa edo eskuladaketa deuseztapena, deuseztasuna edo ebazpena judizial edo administratiboki adierazi edo aitortzen denean, sujeto pasiboak ordaindutako zergaren berriro hartzeko eskubidea izango du, non eta aipatu egintza edo kontratuak irabazizko eraginik ez duen eta ebazpena irmo geratu zenetik bost urteko epean itzulketa erreklamatzen badu, irabazizko eraginik badela ulertuko da, interesatuek Kode Zibileko 1.295 artikuluak aipatzen dituen elkarrekiko itzulketak egin behar dituztela bidezkotzen ez denean. Egintza edo kontratuak irabazizko eraginik sortu ezean ere, deuseztapena edo ebazpena Zergaren sujeto pasiboak eginbeharrak ez betetzegatik deklaratuko balitz, ez da inolako itzulketarako eskubiderik izango.

3. Kontratua efekturik gabe geratuko balitz kontratua egin duten alderdiek elkarrekin hartutako akordioaz, ez da bidezko izango ordaindutako zergaren itzulketa, tributuzko egintza berritzat hartuko delarik. Elkarren arteko akordiotzat adiskidetze egintzan bat etortzea eta demandaren menperatze soila hartuko dira.

4. Bitarteko baldintzarik duten egintza edo kontratuetan kalifikazioa Kode Zibilean bildutako aginduen arabera egingo da. Esekipenezkoa izatekotan, zerga ez da likidatuko agindua bete artean. Baldintza ebazpenezkoa balitz, zerga galdatu baldintza betetakoan egingo da, aurreko ataleko arauaren erara bidezko itzulketa egiteko mugakizunaz.


13. artikulua. Izapideak

Zerga hau izapidatzeko, sujeto pasiboak berak autolikidazioa egiteko sistema erabiliko da, ondorioz, Ordenantza honetan xedatutako epeetan hartatik ondorioztatzen den kuota sartu beharko delarik.

Sujeto pasiboen obligaziozko egitekoa da aitorpen-autolikidazioa Donostiako Udal Txit Garaiak onarturiko imprimaki normalduan aurkeztea.


14. artikulua.

1. Aitorpen-likidazioak sujeto pasiboak berak sinatuko ditu, zuzenean nahiz Gestoria edo Notaria bidez aurkeztu ahal izango dituelarik.

2. Salbuespen eta hobarietarako eskubidea egiaztatzen duten agiriekin batera, zerga ordaindu beharra sortarazten duen agiri publikoaren zein egintza judizial, administratibo edo pribatuaren fotokopia aurkeztu beharko da.

3. Aitorpen-likidazioen emaitza den kuota sartzeko, ondoko epe hauek erabilirik egin beharko da:

a) "Intervivos" izeneko eskualdaketetan, gauzazko eskubideak eraikitzean eta dohaintzetan, sortzapenaz geroztiko hogeitamar lanegunen barruan.

b) "Mortis causa" eskualdaketetan sei hilabeteko epean, kausatzailearen heriotza-egunetik aurrera. Sujeto pasiboak sei hilabeteon barruan hala eskatuz gero, urtebetera arte luzatu ahal izango da.

Autolikidaziorako eta sarrera egiteko luzapena lortuz gero, hura egiten den egunera arteko berandutza-interesa ordaindu beharko da.


15. artikulua.

1. Deklarazio-likidazioak beti ere sujeto pasibo bakoitzak eskuratu eta udalerri honetan dautzan ondasun higiezin guztiengatik edota horien gainean eratutako eskubide guztiengatik egin behar dira, kausadun guztiak sartuko direlarik.

2. Sujeto pasiboak Udaleko Zerga Administrazioari deklarazio-likidazioaren egikaritza teknikoa eskatu ahal izango dio. Horretarako, Udalak xede horrekin prestatu eta Udalean bertan eskura daitekeen eredu onartua behar bezala beterik aurkeztuko du Udalerrian datzan edozein Gestoria edo Notariatan.


16. artikulua.

1. Autolikidazioak ordenantza honetako arauak zuzen erabilirik egin direla egiaztatuko du Udalak.

2. Udalak autolikidazioa ez-konformetzat joko balu, behin-behineko likidazio bat egingo du, txarto ezarritako datuak zuzenduko dituelarik.


17. artikulua. Likidazioak

Udalak egingo dituen likidazioak osorik jakinaraziko zaizkio sujeto pasibo bakoitzari, sarerra egiteko epea eta erabil daitezkeen errekurtsoak adierazirik.


18. artikulua.

Udalak interesatuei Zergaren likidazioa burutzeko beharrezkotzat jotako beste dokumentuak galdatu ahal izango dizkie hogeitamar eguneko epean, interesatuaren eskaeraz beste hamabost egunez luza daitekeelarik. Aipatu epeen barruan formulaturiko errekerimenduak erantzuten ez dutenak zergazko infrakzio eta zehapenak jasan beharko dituzte, aipatu agiriak aitorpena egiaztatzeko beharrezkoak diren heinean. Agiriak interesatuak bere onurarako alegatutako zirkunstantziak frogatzeko bidea baino ez badira, errekerimendua ez betetzeak likidazioa gauzatzea izango du ondorioztat, ekarriko alegatu eta zuritu gabeko zirkunstantziak kontuan izan gabe.


19. artikulua.

1. 14. artikuluan aipaturiko epeen barruan aitortu ez diren egitate zergagarrien burutzapenaren berri izatekotan Udalak, doakienei aipatu aitorpena formula dezaten errekerituko die, egindako zergazko hauste eta, hala balegokio, bidezko liratekeen zehapenen kalterik gabe.

2. Udalak aurreko atalean aurrikusitako errekerimenduak igorri ondoren, interesatuek aitorpena aurkeztuko ez balute, bere esku dituen datuez ofiziozko espedienteari ekingo dio, bidezko likidazioak egin eta sarrera egiteko epeak eta erabil daitezkeen errekurtsoak adieraziko dizkiolarik, egindako zargazko hausteen eta horien ondoriozko zehapenen kalterik gabe.


20. artikulua. Laguntzeko beharra

Ezinbestekoa da Zerga ordaindu delako zirutagiria Udalean aurkeztea; Zerga Gestionatzeko Zerbitzuan aurkeztu ondoren, zerga sortarazten duen egintza jasotzen duen agiriaren originala zigilatuko da, ordainketa-ziurtagiria luzatuko delarik.


21. artikulua.

14.artikuluan xedatutakoa dena delarik ere, honako hauek ere egitate zergagarria Udal Administrazioari jakinarazi behartuta egongo dira, sujeto pasiboentzako epe beretan:

a) Ordenantza Fiskal honetako 6.artikuluko a) letrara bilduriko suposamenduetan, bizien arteko negozio juridikoan sortuz gero, emalea edo eskubide erreala eratu edo eskualdatzen duen pertsona.

b) Aipaturiko 6.artikuluko b) letran bilduriko suposamenduetan, hartzailea edo eskubide erreala eratu edo eskualdatzearen onuraduna den pertsona.


22. artikulua.

Halaber, notarioak Udalari haiek baimendutako agiri guztien zerrenda edo horien indize biltzailea igortzera behartuta egongo dira berezko hiruhileko bakoitzeko lehen hamabostaldiaren barruan, agiriek udalerrian egin eta zerga honen eremukoak diren egitate, egintza edo negozioak biltzen badituzte, azken borondatezko egintzak salbuetsirik. Epe beraren barruan, halaber, sinadurak ezagutu edo legeztatzeko aurkeztu zaizkien egitate, egintza edo negozio juridiko berak biltzen dituzten agiri pribatuen zerrenda igortzera ere behartuta egongo dira. Artikulu honetan aitzineurritutakoa Gipuzkoako Zergetako Foru Arau Orokorrean ezarritako lankidetza-betebehar orokorraren kalterik gabe.


Xedapen gehigarria

9.1. artikuluan xedatutakoaren eraginetarako eta Ondarezko Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga arautzen duen Foru Arauak indarrean dirauen artean, ondoko erregelak bete beharko dira:

1. a) Aldi baterako usufruktua ondasunen balioaren araberakoa izango da, urtebeteko aldi bakoitzeko %5 kontuan hartuta, %70 gainditu gabe.

b) Biziarteko usufruktuetan balioa ondasunen guztizko balioaren % 70aren berdina dela iritziko da usufruktudunak 20 urte baino gutxiago izatekotan, adina gehitzen den heinean urte bakoitzeko % 1 gutxiagotuz, guztizko balioaren % 10 delarik muga.

c) Pertsona juridiko baten alde eratutako usufruktua, 30 urte baino goragoko eperik edo denbora zehaztugaberako ezarriz gero, baldintza suntsiarazleari loturiko jabego osoko eskualdaketatzat joko da zergabidean.

2. Jabetza soileko eskubidearen balioa usufruktuaren balioaren eta ondasunen guztizko balioaren arteko desberdintasunaren arabera neurtuko da. Era berean, aldi baterako diren biziarteko usufruktuetan, jabetza soila aurreko lehen zenbakiko arauetatik baliorik gutxiena damaiona ezarririk balioetsiko da.

3. Erabiltzeko eta bizitzeko eskubide errealen balioa lortzeko, kasuan kasu, aldi baterako edo biziarteko usufruktuak balioesteko arauak jasan zituzten ondasunen balioaren % 75 kalkulatu beharko da.


Azken xedapena

Ordenantza honek ondorioak 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu, eta bere eraskinak 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera; eta indarrean iraungo dute horiek indargetzea edo aldatzea erabakitzen ez den bitartean.


Xedapen indargetzailea

Aurreko Lursailen Balio Gehikuntzaren gaineko Udal Zergaren Ordenantza Arautzailea indarge geratzen da.




EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Hiri Izaerako Lursailen Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza 1997ko urriaren 14an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ordenantzan ezarritako aldaketak 1997ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren eta prezioak arautzen dituen eraskina 2001eko urriaren 22an onartu zen eta ezarritako aldaketak 2001eko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.