Ordenantza Fiskala, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren bilatze, erreskate eta Salbamendu Zerbitzuen Tasa arautzen duena 2023

Izenburua:
Ordenantza Fiskala, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren bilatze, erreskate eta Salbamendu Zerbitzuen Tasa arautzen duena
Edukia:
1. artikulua.- Foru araudia

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren 20.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, Donostiako Udalak tasak ezarri ahal izango ditu zerbitzuak emateagatik eta, bereziki, honako zerbitzu hauengatik: k) Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuak, aurriak prebenitzeko zerbitzuak, eraikuntzak eta eraispenak, salbamenduak eta, oro har, pertsonak eta ondasunak babesteko zerbitzuak.


2. artikulua.- Zergapeko egintza

1. Tasa honen zergapeko egitatea da Donostiako Udalaren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuari atxikitako giza baliabideak eta baliabide materialak mobilizatzea, ofizioz edo alde batek eskatuta. Mobilizazio hori Donostiako udalerrian egin behar da, pertsona fisikoren batek bere burua arriskuan jarri eta hura bilatu, erreskatatu eta/edo salbatu beharra eragin behar du, eta kasu hauetako baten edo batzuen ondorioz izango da:

a) pertsona fisikoa arriskuaz, debekuaz edo betebeharraz ohartarazteko seinaleak ez betetzea, arrisku-lekuetan behar bezala kokatuta.

b) Administrazio publikoetan segurtasunaren eta babes zibilaren arloan eskumena duten organoek emandako neurriak, jarraibideak, abisuak edo norberaren babeserako orientabideak ez betetzea.

c) zuhurtziagabekeriazko edo ausarkeriazko jokabideak.

d) pertsona fisikoak zuzenean emandako informazioa; geroago ondorioztatzen bada mobilizazioa justifikatzen duten alegatutako inguruabar objektiboak ez daudela,arriskua simulatzearen ondorio delako edo dei faltsu bat bada.


3. artikulua.- Lotespenik gabe

Bilaketa-, erreskate- eta salbamendu-zerbitzuen prestazioak ez daude tasari lotuta, baldin eta jarduketaren xede den pertsona fisikoa erreskatean zehar edo aurretik hil bada, bai eta geroago ere, betiere heriotza erreskatea edo salbamendua eragin zuten arrazoien ondorioz gertatu bada.


4. artikulua.- Sortzapena

1. Giza baliabideak eta baliabide materialak parketik ateratzen diren unean sorrarazi eta izango da tasa ordaindu beharra, eta zerbitzua bukatutakoan ordainaraziko da.

2. Suhiltzaile Zerbitzuak berak erabaki behar du zerbitzu horiek ematen hastea, kasu bakoitzak dituen inguruabarrak kontuan hartuta, eta baita zer zerbitzuk joan behar duen hara ere jakinarazitako egoerari erantzuteko.



5. artikulua.- Subjektu pasiboak: zergadunak

1. Zergapeko egintza osatzen duten zerbitzuak eskatu edo nolabait jasotzen dituzten pertsona fisikoak dira tasa honen subjektu pasiboak, zergadun gisa.

2. Pertsona onuradunak berak eskatu gabe baina hark egindako edo egin gabeko zerbaitegatik emandako zerbitzuak izanez gero, berriz, zergapeko egintza osatzen duen zerbitzuaren onuraduna izango da subjektu pasiboa.

3. Arriskua izateko itxura egiten denean, arriskua izateko itxura egiteko ardura izan duen edo abisu faltsua eman duen pertsona fisikoa izango da subjektu pasiboa, zergadun gisa.


6. artikulua.- Subjektu pasiboak: ordezkoak

Subjektu pasiboak tasa honen xede diren kasuak tapatzen dituen aseguru polizaren bat hartuta badu, aseguru entitate edo sozietatea izango da ordezko subjektu pasiboa. Tasaren zenbatekoa aseguratutako muga baino handiagoa bada, subjektu pasiboak ordaindu beharko du aldea.


7. artikulua.- Zerga kuota

1. Zerga-kuotak ordenantza honen eranskinean ezartzen dira, eta esku-hartzean erabilitako langileen eta ibilgailuen arabera kalkulatzen dira.

2. Zerbitzu berean subjektu pasibo bat baino gehiago izanez gero, bakoitzari egotziko zaio kuota dagokion zatian eta horietako bakoitzak parte hartzen duen langilerian eta ibilgailuetan oinarrituta, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak egindako Esku-hartze Alderdiaren txostenaren arabera, eta, ezinezkoa bada, onuradun bakoitzaren zati berdinetan.


8. artikulua.- Ordainketaren kudeaketa, baldintzak eta moduak

1. Finantza Zuzendaritzak kitatuko du tasa, betiere Prebentzio, Su-Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak esku-hartzearen gainean egindako txostenak hala eskatu ondoren eta txosten horrek jartzen baldin badu ordenantza honetako 2. artikuluan araututako baldintzak bete egin direla, eta, beraz, ordaindu egin behar dela tasa, bai eta tasarena zenbat den ere.

2. Esku-hartzearen gaineko parteak kontzeptu hauek izango ditu:

- Subjektu pasiboak zein diren.
- Zer zerbitzu eman den.
- Zer material eta langile erabili den.
- Zenbat denbora pasa den zerbitzua ematen.
- Esku-hartzearen emaitza.

3. Ordenantza honetan araututako tasak eta beste erakunde edo pertsona juridiko batzuek ematen dituzten zerbitzuek eragindako kontraprestazio ekonomikoak bateragarriak dira.


9. artikulua.- Aplikazio orokorreko arauak.

11/1989 Foru Arauaren arabera, Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean jasotako kudeaketa, kitapen, ikuskapen, diru-bilketa, zerga arau-hauste eta zehapen arauak aplika dakizkieke tasa hauei.


Azken xedapena

Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.

EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko Bilaketa, Erreskate eta Salbamendu Zerbitzuengatiko Tasak arautzen duen Ordenantza Fiskalaren azken aldaketa eta bere eraskina 2022ko uztailaren 21ean egindako Udalbatzarrean onartu zela. Ezarritako aldaketak 2022ko irailaren 19ko 177. GAOn argitaratu ziren.