Ulia mendiaren magalean, itsas mailatik 200 bat metrora, horra hor Ulia aterpetxea. Zurriola hondartzatik oinez joanda 20 minutura, aterpetxe hau mendiaz eta bizimodu osasuntsuaz gozatzeko leku bikaina da.
Uliako parkearen inguruko basoak ezin egokiagoak dira naturaz inguratuta egon eta oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko. Ikuspegien eta paisaien bikaintasunak paradisu lasai eta ederra bihurtzen dute. Baina, bestalde, hirigunetik halako hurbil dagoenez gero, Donostiaz eta haren eskaintzez oztoporik gabe gozatzeko aukera egoten da.
Egoitza eroso eta moderno hau esperientziak partekatzeko eta bizikidetzarako esparrua da, bai eta natura zaintzekoa ere. Europako etiketa ekologikoa lortu duen Euskadiko lehen aterpetxea da, ekologia zaintzeko egiten duen ahaleginagatik: eguzki plaka fotovoltaiko eta termikoen bidez, kontsumitzen duen energiaren zati handi bat sortzen du; aterpetxean ur kontsumoa gutxitzeko neurriak hartu dira; ekoetiketa duten garbiketa-produktuak eta paperezko produktuak erabiltzen dira; tokiko elikagaiak, ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak eskaintzen dira; hondakinen gaikako bilketa oso ondo zaintzen da (horretarako, edukiontzi desberdinak daude geletan eta bungalowetan); bildutako materia organikoarekin konposta egiten da, aterpetxean bertan, gero lorategian erabiltzeko.
Bestalde, Ulia aterpetxeak 3-4 lagunentzako logelak eta 5-6 pertsonentzako sukaldedun bungalowak ditu.Logela eta bungalow bakoitzak bere atartea du, kaletik zuzenean sartu ahal izateko. Auto eta autobusetarako doako aparkalekua ere badago. Norberaren ibilgailua da aterpetxeraino heltzeko garraiobiderik gomendagarriena eta erosoena.
Norberen autoa
Madril-Irun/N-1 errepideko 6. irteera. Biribilgunean, 3. irteera hartu Groserako norabidean. Hurrengo biribilgunean, 1. irteera hartu Jose Elosegi alkatearen hiribiderantz. Aurrera jarraitu behar da Arzak jatetxea igaro arte. Ulia pasealekuan eskuinera biratu. 4 km egin gora.
TAXIBUSa tb6, garraio publiko zerbitzua:
Lehen geltokia Kolon 21 pasealekuan.
Aldez aurretik erreserba egin behar da 943 46 46 46 telefonora deituta, edo www.dbus.eus webgunean.
Irteerak egunero, 7:15 - 21:15. 60 minutuan behin.
Autobusa eta Trena
Autobusen geltokian eta Adif-Iparraldeko Geltokia.*