Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Eraikin baten fatxadaren argazkia

Ohiko galderak



BPEi buruz

  • Nire eskabidea kontsultatu al dezaket telematikoki?
    Bai.
  • Eskabide bat baino gehiago aurkeztu al dezaket?
    Ez.
  • Zer hartzen da bizikidetza-unitatetzat?
    Honakoa hartzen da bizikidetza-unitatetzat: elkarrekin bizi diren edo biziko diren bi pertsonak edo gehiagok osatutakoa, baldin eta ondoko loturaren batek elkartzen baditu: ezkontzak edo antzeko beste harreman-mota iraunkorren batek, adopzioak, hirugarren mailara arteko odolezko harremanak eta bigarren mailara arteko afinitateak, etxe berean bizi badira edo bizitzen jartzekotan badira.
    Edonola ere, nahitaez elkarrekin eman behar dute izena ezkontideek eta izatezko bikoteek.
  • Nola jakin dezaket diru-sarreren betekizuna betetzen dudan?
    Simulazio bat egin dezakezu
  • Eskatzaileak bi pertsona badira, biek egon behar al dute Donostian erroldatuta ala nahikoa da bietako bat egotea?
    Ez, nahikoa da bizikidetza-unitateko pertsonetako batek betetzea betekizun hori.
  • BPE bat eskuratu al dezaket etxebizitza bat badut?
    Ez, honako egoera hauetako batean izan ezik.

Eskaerak

  • Zer gertatzen da eskabidea aurkeztu ondoren nire familia-egoera aldatzen bada?
    Izena emateko eskabidean adierazitako egoerak aldatzen badira, Etxegintzari eman beharko diozu aldaketa horien berri, datuak eguneratu ahal izan ditzan.
  • Nola alda dezaket nire eskabidea?
    Telematikoki, gure webgunean; edo aurrez aurre gure bulegoetan.
  • Nahi dudan kupoan eman al dezaket izena?
    Ez; pertsona/familia-unitate bakoitzak aitortzen dituen inguruabarren arabera, Etxegintzak erabakiko du zein kupotan sartuko zaren.
    Etxebizitza partekatuaren kupoan sartzea nahi duzun bakarrik erabaki ahal izango duzu. Eskabidean zehaztu beharko duzu kupo horretan sartzeko aukera izan nahi duzula.
  • Noiz berritzen da barematutako zerrenda?
    Gutxienez urtean behin berrituko da esleipendunen zerrenda, bizikidetza-unitateei berriz ere puntuak ematearen bidez. Nolanahi ere, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko datu fiskalen kargarekin berrituko da.
    Era berean, emandako puntuazioa alda dezaketen egoera pertsonal guztien aldaketa jakinarazi beharko diote etxebizitza-eskatzaile gisa inskribatuta dauden pertsonek Etxegintzari.
  • Uko egin al diezaioket esleitzen didaten etxebizitzari?
    Bai, baina jakin behar duzu, kasu jakin batzuetan izan ezik, esleitu dizuten etxebizitzari uko egiten badiozu, ondorengo bost urteetan ezingo duzula parte hartu etxebizitza eskuratzeko araubide berari eta etxebizitza-tipologia berari lotutako prozeduretan.
  • Etxebizitza partekatu batean bizi bagara eta pertsona batek alde egiten badu, nork ordainduko du bere zatia?
    Etxebizitza partekatuetan pertsona bakoitzak bere zatia ordaintzen du, eta pertsona horietako batek alde egiten badu ez zaie errenta igotzen etxebizitzan geratu diren gainerako maizterrei.
  • Banantze edo dibortzio kasuetan, bikoteko zein kiderekin inskribatu daitezke seme-alabak?
    Zaintza eta jagoletza partekatua denean, bikotea osatzen zuten bi pertsonek inskriba ditzakete seme-alabak eskabidean.
    Dena den, guraso bakarreko kupoan sartuko dira: bi gurasoak zaintza partekatua denean; zaintza duen gurasoa; eta zaintzarik ez duen gurasoa, baldin eta hitzarmen arautzailean estipulatzen den bisita-erregimenean ezartzen bada seme-alabek guraso horrekin urtean 75 gau baino gehiago igaro behar dituztela.

Izen-emateak

  • Eman al dezaket izena etxebizitza babestuetan eta, aldi berean, Udalaren Alokabide programan?
    Bai. Ez dago inolako eragozpenik, baina jakin behar duzu babes publikoko etxebizitzak baremoei jarraituz esleitzen direla, eta Alokabiderenak, berriz, inskripzioaren dataren arabera egindako itxarote-zerrendaren ordenari jarraituz.
  • Erosteko edo alokatzeko aukera egin behar dut ala bi aukeretan eman dezaket izena?
    Bai. Alokatzeko eta azalera eskubidean erosteko edo bi aukeretarako eman dezakezu izena, baldin eta behar adinako gutxieneko diru-sarrerak badituzu; izan ere, etxebizitza erosi ahal izateko eskatutako gutxienekoa 9.000 euro dira eta alokairurako, berriz, 3.000 euro.
    Bestalde, etxebizitza alokairuan esleitzen zaienek etxebizitza azalera-eskubidean erosteko esleipenetan izena emanda jarrai dezakete.
  • Nola egiaztatuko dut zenbat denboran aritu naizen lanean hirian?
    Honako hauek aurkeztuta: lan-bizitza eguneratua eta lan egin duzun enpresako/enpresetako ziurtagiria/ak, eta horietan adierazi behar da zein egunetatik zein egunetara egin duzun lan bertan, bai eta lantokiaren kokapena ere.
    Lan-bizitza, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen dokumentua da.
  • Eskabidean agertzen diren pertsona guztien diru-sarrerak egiaztatu behar al dira?
    Diru-sarrera konputagarrien jasotzaileak izango dira etxebizitzaren titularkide izango direnbizikidetza-unitateko kide guztiak. Kontuan izan behar da ezkondutako bikoteek, erregistratuta dauden izatezko bikoteek eta bizikidetza-unitateko adin nagusiko beste pertsona batzuek nahitaez izan behar dutela titularrak, guraso eta seme-alaben kasuan izan ezik; kasu horretan eskatzaileei dagokie titularrak diren ala ez erabakitzea.

Errentamendua lagatzea

  • Zer da errentamendua lagatzea?
    Errentamendua lagatzea kontratu bat da, eta horren bidez etxebizitza bateko maizterrak hirugarren bati lagatzen dizkio jabearekin itundutako errentamendu-kontratuaren arabera maizter gisa dagozkion eskubideak.
    Hiri-errentamenduen Legearen 8. artikuluaren arabera, maizterrak ezin dio errentamendu-kontratu bat laga hirugarren bati jabeak idatziz berariazko adostasuna eman gabe.
    Babes publikoko etxebizitzetan debekatuta dago errentamendua lagatzea.
  • Zer da azpierrentamendua?
    Azpierrentamendua kontratu bat da, eta kontratu horretan maizterrak hirugarren bati (azpierrentariari) lagatzen dio errentan hartuta duen etxebizitza osoa edo etxebizitzaren zati bat maizter gisa erabil dezan.
    Babes publikoko etxebizitzetan debekatuta dago azpierrentamendua.
  • Zer gertatzen da maizterra hiltzen bada?
    Kasu horretan kontratuan subrogatu ahal izango dira, hau da, maizterrak kontratuan zuen lekua hartuko dute, honako pertsona hauek:
    • Maizterra hil zen unean harekin bizi zen ezkontideak.
    • Aurreko bi urteetan gutxienez izatezko bikotekide gisa maizterrarekin modu iraunkorrean bizi zen pertsonak. Elkarrekin seme-alabarik izan badute, nahikoa izango da elkarbizitza soila, inolako eperik gabe.
    • Maizterraren ondorengoak, baldin eta hura hiltzean bere guraso-ahalaren edo tutoretzaren menpe bazeuden, edo heriotzaren aurreko bi urteetan gutxienez berarekin bizi izan baziren.
    • Errentariaren aurrekoak edo anai-arrebak, baldin eta heriotzaren aurreko bi urteetan gutxienez berarekin bizi izan baziren.
    • Aipatutakoen artean agertzen ez diren eta % 65eko minusbaliotasuna edo handiagoa duten pertsonak, baldin eta maizterrarekin alboko hirugarren mailara arteko ahaidetasun-harremana badute (esate baterako, iloba) eta hura hil aurreko bi urteetan harekin bizi izan badira.
  • Zer egin behar da subrogatzeko?
    Maizter gisa jarraitzeko eskubidea duenak, heriotzaren berri eman beharko dio jabeari hurrengo hiru hilabeteetan, eta maizterrarekin zuen harremana adieraziko dio.

Reparaciones y gastos

  • Nork ordaindu behar ditu etxebizitzaren gastuak?
    Komunitate-gastuak maizterrak ordainduko ditu kontratuan horrela adostu bada bakarrik, eta gastu horiek zenbatekoak diren aipatu beharko da.
    Kontagailuen bidez indibidualizatu daitezkeen eta etxebizitzak dituen zerbitzuen gastuak (argia, ura, gasa, telefonoa eta abar) maizterrak ordainduko ditu.
  • Nork egin behar ditu etxebizitzako kontserbazio-lanak?
    Jabeak egin beharko ditu etxebizitza, adostutako erabilera emateko, bizitzeko moduan mantentzeko egin beharreko konponketak, kalteak maizterrak egiten dituenean izan ezik. Horrek ez du errenta igotzea ekarriko.
    Etxebizitzaren ohiko erabileraren ondorio den higadurak eskatzen dituen konponketa txikiak maizterrak egingo ditu.
  • Jabeak egin al ditzake hobekuntza-obrak?
    Errentamendua amaitu arte atzeratu ezin diren obrak bakarrik egin ditzake, eta maizterrari hiru hilabete lehenago jakinaraziko dio zer obra egingo duen, noiz hasiko den, zenbat iraungo duen eta gutxi gorabehera izango duen kostua. Kasu horretan, maizterrak kontratuan atzera egiteko eskubidea izango da
  • Zer gertatuko da baldin eta komunitateak etxebizitzaren jabeari kexa bat helarazten badio, maizterrak jarduera gogaikarriak edo osasungaitzak egiten dituelako etxebizitzan?
    Maizterrari komunitatearen kexak jakinarazi beharko dizkio, eta berriro gerta ez dadin saiatuko da; berriro gertatzen bada, eta legearen arabera, utzarazpen-akzio bat egin ahal izango du, hau da, kaleratu egingo du prozedura judizial baten ondoren.