Hiri desberdina gizonen eta emakumeentzat

Gizon eta emakumeok ez dugu hiria modu berean bizi.

Sexuaren araberako lanaren banaketa dela eta, bidaiatzeko modua eta maiztasuna, adibidez, desberdina da orohar.
  • Segurtasunari dagokionez ere, desberdintasunak daude: Donostiako Udalak 2013an egindako Gizonen eta Emakumeen Egoeraren gaineko Diagnostikoaren arabera, hirian seguru sentitzen ez diren emakumeen kopurua gizonena halako bi da: %62 eta %32, hurrenez hurren.
  • Gainera, emakumeek maizago sentitzen dute segurtasun falta (hiru aldiz maizago), beren auzoan batez ere (%35),
  • baina baita beste auzoetan ere; lurpeko pasabideetan (%39); aparkalekuetan (%17), geltokietan (%12), etxean bertan (%11)...
  • Emakume askok segurtasun eza sentitzen du bakarrik ibiltzeagatik (%47),
  • gauez irtetzeagatik (%44),
  • argiteria eskasagatik (%35),
  • emakume izateagatik (%27),
  • adinagatik (%10)...

Nahiz eta segurtasun pertzepzioaz hitz egin, horrek pertsonen eta batez ere emakumeen askatasun mugimenduan eragin handia dauka. Horregatik diogu gizon eta emakumeok ez dugula hiria modu berean bizi.

Errealitate hau mahaigaineratzen aitzindariak izan ziren talde feministak. 1996an Plazandreok taldeak Hiri Debekatuaren mapa argitaratu zuen, hiriko gune arazotsuenak ikusaraziz. Donostiako Udalak, 2013. urtean departamentuen arteko talde bat sortu zuen, gune arazotsuen mapa hori eguneratzeko.

Puntu Kritikoen Mapa

Udal lantaldea honako departamentuek osatzen dute: Hirigintza, Gizarte Ongizatea, Partaidetza, Hiri Azpiegiturak, Proiektuak eta Obrak, Udaltzaingoa, Mugikortasuna eta Berdintasuna. Taldeak mapari izen berria jarri zion: Puntu Kritikoen Mapa, eta bertan jasoko ziren guneak aukeratzeko irizpideak zehaztu zituen hasiera batean. Hortik abiatuta, informazioa jaso zuen udal departamentuetatik eta hiritarrengandik mapa eguneratzeko. Berdintasun Sailaren webgunean dago proiektu honi buruzko informazio guztia