Zehazki gaur aurkezten dugun "ZURE HIRIA ZAINTZEN" programarekin, hainbat ekimenen bidez, herritar guztiek ulertzeko moduko informazioa eskuratzea eta parte-hartze aktiboa bultzatzea bilatzen dugu, ikuspegi kritiko eta erantzunkide batetik.
Iñigo García Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak adierazi duenez, "ZURE HIRIA ZAINTZEN programaren bidez, gure hiriko txikienek betetzen duten funtsezko zeregina nabarmendu nahi dugu. Beraiek dira, beren begirada garbi, bitxi eta kritikoarekin, hiria ikuspegi berrietatik ulertzen laguntzen digutenak eta Donostiaren etorkizuna bere eskuetatik ere pasatzen dela gogorarazten digutenak. Proiektu honen bidez, ikasleek beren hiria, erakundeak, historia eta balioak hobeto ezagut ditzaten bilatzen dugu, haien parte-hartze aktiboa eta arduratsua sustatuz, egungo herritar gisa, eta ez soilik etorkizunekoak. Ziur gaude haurrek hiria norberarena dela sentitzen dutenean hiria zaindu, errespetatu eta eraldatu egiten dutela. "
Donostia zaintzen eta hartzen duen hiria da, eta horren erakusgarri dira, besteak beste, Haurtxokoen eta Gaztelekuen Sarea, balioetan oinarritutako hezkuntza aisialdi osasungarria sustatzen duena; ikastetxeei eta prestakuntza-elkarteei zuzendutako dirulaguntzak; gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuetarako laguntzak; edo ikasturte bakoitzean ikastetxeekin eta udal-atalekin lankidetzan garatzen ditugun hezkuntza-programak (Giza Eskubideak, Kulturaniztasuna, Lankidetza, Berdintasuna edo Hezkuntza Atala bera).
ZURE HIRIA ZAINTZEN programa bat dator helburu horiekin. Horregatik, hezkuntza-komunitatearen garrantziaz jabetuta, ikastetxeei parte hartzeko gonbita egin zaie. Proposamen honen helburua ikasleak hiriko hainbat alderditara hurbiltzea da, hala nola historia, kultura eta tokiko administrazioaren funtzionamendua.
Iaz Ekialdeko Barrutiko (Intxaurrondo, Bidebieta eta Altza) 160 ikaslek parte hartu zuten programan. Aurten, 360 ikaslek parte hartuko dute, Amara Berri auzokoak, LH5 eta LH6 mailetakoak, hain zuzen ere. Parte hartuko duten ikastetxeak hauek izango dira: Amara Berri, Ikasbide eta Katalin Erauso.
Proiektua bi fasetan garatzen da:
Lehenengoan, Udaleko Hezkuntza Atalak unitate didaktiko bat prestatu du, ikastetxeek ikasgelan landuko dutena. Aurreko lan horretatik abiatuta, bisita gidatu bat eskainiko zaie ikasleei udaletxera.
Bigarren fasean, ikasleek ikasitakoa oinarri hartuta egindako marrazkien lehiaketa bat antolatuko da. Lanak maiatzaren 8tik 25era egongo dira ikusgai ARCCO merkataritza-gunean. Erakusketan Amara Berri eta Ikasbide ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute.
Udaletxera bisitak egun hauetan egingo dira: martxoaren 31n eta apirilaren 3an, 9an eta 11n. Eguneko bi bisita izango dira, 10:00etan eta 11:00etan.
Gainera, hiru lan sarituko dira:
• Lan artistiko onenaren saria
• Edukiaren saria
• Sari bat aukeratutako leloari
Sariak kolektiboak izango dira, hau da, hautatutako lanen egileak parte diren ikasgeletako ikaskide guztiek jasoko dituzte. Sari banaketa maiatzaren 20an izango da, Real Sociedad Fundazioaren auditorioan, eta programaren laguntzaile diren elkarte eta erakundeak banatuko dituzte.
Honako hauek dira programaren laguntzaileak: Chillida-Leku Museoa, ARCCO merkataritza-gunea, Real Sociedad Fundazioa eta FCC.