Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Giza Eskubideen Saila



Herritarrak Aieteko liburutegiaren aurrean
Donostiako Udaleko Giza Eskubideen arloak bere indarrak bildu ditu pertsona guztien eta herri guztien giza eskubideen defentsa sustatzeko.

Hauek dira arlo honen “ibilbide-orria” gidatzen duten ardatzetako batzuk:
  • Euskal Herrian eta mundu osoan bake justu eta iraunkorra lortzeko ekarpena.
  • Oroimen historikoa berreskuratzea, egiaren, justiziaren eta biktimei erreparazioaren bitartez, eta berriz ere ez kaltetzea.
  • Pertsona ororen giza eskubideen urraketen ikerketa, salaketa, ezagutzea, aitorpena eta erreparazioa, batez ere terrorismoa eta indarkeriaren biktimen inguruan.
  • Giza eskubideen aldeko prestakuntza, informazioa, sentsibilizazioa eta balio-hezkuntza.

Guzti hori, pertsona guztiek euren bizi proiektuak garatu ditzaketen bizikidetza esparru bat sortzen laguntzeko, errespetuan, elkarrizketan, erabakitzeko eta ekiteko askatasunean, elkartasunean, parte-hartzean, erantzunkidetasunean, zuzentasunean, diskriminazio ezean edo aukeren berdintasunean oinarritutako balioetan.

Eta hori, toki mailatik egiten dugu, baina bokazio globalarekin. Ekimen guztiek, zein ere apalak edo txikiak direnek, edo edonondik datozenek eta helburu gisa bizi kalitatea hobetzea dutenek, garrantzia dute; erantsi eta zabaldu egiten dira.


Partekatutako proiektu estrategikoa


Ez gaude bakarrik: Giza Eskubideen arloak hezkuntza zentroekin eta beste udaleko departamentu, kolektibo, unibertsitate edo herri elkarteekin lan egiten du, bere presentzia eta proiekzioa mundu osora bultzatuz. Bestalde, Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Berezian, giza eskubideen gaineko hainbat gai jorratzen dira. Batzordea udal talde politiko guztiei irekia dago. Alkatea da presidentea.

Eta benetazko sinbolo bat den leku batean gaude. Francisco Francoren udako egoitza zenean gaude. Egun, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea dena. Beraz, herritarrentzat eta giza eskubideentzat diktaduraren ordezkaririk handienak okupatutako espazio baten berreskuratze sinboloa da.


Aieteko Jauregiaren barnealdea
Hemen ere ez gaude bakarrik. Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea, kooperazioaren, kultur aniztasunaren, bizikidetzaren, bakearen eta gatazken konponketaren eremuan lanean diharduten hainbat udaleko arlo eta nazioarteko eta toki arloko organismoak lotzen diren estrategia proiektu bat da: Udalaren Lankidetza Bulegoa, Kultur Aniztasunekoa, Euskal Fondoa, eta Globernance (Gobernantza Demokratikoaren Institutua).

Gainera, Bakearen Etxea, kultura eta giza eskubideak batzen dituen programa baten parte da: Aiete Parke Kulturala, Aieteko Kultur Etxearekin lotura estuan, zeinarekin programa eta zerbitzuak (Haurtxoko, Gazteleku, liburutegia, ikastaroak, erakusketak, eta abar) giza eskubideetan espezializatuta dauden. Guztien osagarri, Ipuinen etxea, haurtzaroari eskainitako eremua eta Topalekuko hornikuntzarekin.

Espazio hauek guztiek, gogoetara, ulermenera, harmoniara, errespetura eta gizalegera gonbidatzen duen espazio paregabe bat dute emaitza gisa.