Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Suhiltzaileen Kidegoaren bilakaera




Maniobrak konstituzio plazan..
XIX. mendearen erdialdean sortu zenez geroztik, Suhiltzaileen Kidegoa etengabe joan da bilakatzen, unean uneko premietara egokitzeko.

Erregelamenduak ere unean-unean aldatu dira, antolamendu eraginkorragoa lortzeko. Horren haritik, bitxia da Kidegoaren lehen erregelamenduak gaur egun irakurtzea, XIX. mendeko pertsona eta ohituretarako idatzita baitzeuden.

Lanbidearen alderdi guztiak joan dira aldatzen nabarmen, Zerbitzuaren 150 urte baino gehiagoko bizitzan garatu diren aurrerapen teknologiko handiekin batera.

Hasiera-hasieran, suhiltzaileek plaka bat zuten bizi ziren etxean, baita muturrean txilina zuen soka bat ere. Gaur egun, berriz, 24 orduko guardia zerbitzua izaten da Parkean.

Zerbitzuaren kokapena ere aldatu da, urteek aurrera egin ahala. Lehen urteetan, Kidegoa zenbait tokitan sakabanatuta zegoen, hirian barrena; geroago, berriz, toki bakarrera bildu zituzten baliabide guztiak. Besteak beste, Lasala plazan, Bretxa plazan eta Easo kaleko 43. zenbakian egon zen Suhiltzaileen Parkea. Urte asko iraun du Easo Kaleko parkeak (1933. urtetik 2011. urtera arte), oso ondo planifikatu eta eraiki zelako, baina aldaketa eskatzen zuen aspalditik, eta 2011n iritsi zitzaion Garberako Parkearen irekierarekin (Otxoki pasealekua, 100).

Materialei dagokienez ere, bilakaera, logikoa denez, oso handia izan da. Ezkila eta korneten ordez, irrati-instalazioak nagusitu dira, ahorako zapien ordez arnasketa autonomoko ekipamenduak, eta abar.

Kidegoa 1858an sortu zenez, normala da ponpak eta ibilgailuak bilakatu izana —gogora dezagun hasiera-hasieran eskuz abiarazten zirela—.

Parke berriko egoitzan MerryWhater ponpa bat gorde da, XX. mendearen hasieran Ingalaterran egina. Gainera, 80ko hamarkadan, suhiltzaileek 1922. urteko Magirus eskailera-ibilgailu bat zaharberritu zuten, eta Azpeitiko Trenbidearen Museoan gorde da harrezkero. Gaur egun ere, ibilgailu hori abiatzeko eta zirkulatzeko gauza da.

Magirus markako 1963. urteko beste autoeskailera-kamioi bat ere zaharberritzeko prozesuan dago egun.


MerryWather ponpaz hornituriko ibilgailua



Magirus markako autoeskala-ibilgailua, 1963. urtekoa.



Magirus markako eskailera-ibilgailua, 1922. urtekoa eta zaharberritua. Azpeitiko Trenbidearen Museoan gorde da.