Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Suhiltzaile Kidegoaren sorrera


1842. urtean, Suhiltzaileen lehen Erregelamendua eratu zen, kidegoa berez ezartzen ez bazuen ere, sutea izanez gero suhiltzaileek nola jardun behar zuten antolatzen zuena. Auzoko guztiek sute-eremura bertaratu behar zuten, ontziak eta ferretak bete ur eskuetan, eta putzuak zeuzkatenek putzuetatik ura ateratzeko baimena eman behar zuten, sokak eta baldeak jarriz; bestela, dukat kuarto 1eko isuna jartzen zieten.

Obra-maisu guztiek ere sute-eremura bertaratu behar zuten ezinbestean, aizkora, pikotx eta gainerako tresnekin, 4 dukat kuartoko isuna ordaindu nahi ez bazuten.
Hiriko arkitektoak gidatzen zituen lanak kasu horietan.

1867ko irailaren 10ean, Udalak erabaki zuen ordura arte Elkarri Laguntzeko Elkarteak modu erdi pribatuan emandako su itzaltzeko zerbitzuak udal zerbitzu hutsa bihurtzea. Urte hartako urriaren 20an sartu zen indarrean erabaki hori.
Horrela eratu zen Donostiako Zulatzaile eta Suhiltzaileen Kidegoa.

Suhiltzaileek honako jantzi eta ekipo hauek eramaten zituzten: larruzko kasko txaroleztatu bat metalezko gandorrarekin, brusa edo jakatxo bat, drillezko galtzak, salbamendu-gerriko zabala uztai eta mosketoiarekin, eta espartinak; gainera, lehen brigadakoek aizkora eta soka zeramaten, bigarren brigadakoek giltza eta soka, eta hirugarrenekoek sokak bakarrik.

Suhiltzaile guztien etxearen kanpoaldean plaka bat jartzen zen, suhiltzailea bizi zen solairuaren eta zenbakiaren berri ematen zuena. Hala, sutea izanez gero, auzokoek suhiltzaile guztiak aurkitu eta ohartarazteko aukera zuten, sutearen tokira berehala bertara zitezen.

Gauetan suhiltzaileen zaintalde bat egoten zen parke edo biltegi bakoitzean, langilezain edo kabo batek eta 4 suhiltzailek osatutakoa.

Suhiltzaileek etxetik sua itzaltzera abiatu behar zutenean, lehenik zegokien parkera edo biltegira joaten ziren, beharrezko gauzak hartu eta sutearen tokirako bidea hartzeko. Azkarren iristen zirenak saritzen zituzten, baita beren eginkizunetan adore eta ausardia handiena erakusten zutenak ere.

Abisuak eta aginduak emateko korneta erabiltzen zuten, eta, egungo Suhiltzaile Parkean, deien —"Arin-arin" edo "Lasterka", besteak beste— partituraren kopia gorde da.

Suhiltzaileez gain, biltegizainaren rola ere sortu zuten. Parkeko material eta ponpak zaintzeko eta mantentzeko arduraduna zen biltegizaina. Besteak beste, irakurtzen eta idazten jakin behar zuen.

Zulatzaile eta Suhiltzaileen Kidegoa sortzearekin batera, kidegoaren kargu guztietarako erregelamenduak sortu ziren, baita auzokoentzako eta sutea izanez gero su har zezaketen biltegietarako erregelamenduak ere.