Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Instalazioak


Intxaurrondo auzoan dago Suhiltzaileen Etxe berria, Garberako biribilgunearen ondoan (Otxoki pasealekua, 100). Errepide gune garrantzitsu baten ondoan dago, eta, hari esker, arin heltzen da zerbitzua eman beharreko alderdi osora.

Suhiltzaileen egoitzaren argazkia
2011ko abuztuaren 4an zabaldu zuten Garberako Suhiltzaileen Etxe berria. Ordura arte, Easo kaleko 43an egona zen Suhiltzaileen Etxea.

Easo kaleko antzinako etxea 1933. urtean eraiki zuten, eta, beraz, instalazio berrietara aldatzea aurrerapauso handia izan da zerbitzuarentzat.

Garberako Suhiltzaileen Etxeko instalazioak zabalak eta modernoak dira, eta nabarmen errazten ditu horrek suhiltzaileen entrenamendua eta lana.

Parkeko eraikinak 4 atal nagusi ditu:

Administrazio eraikina: Hartan, Zuzendaritza eta zerbitzua kudeatzeko aldeaz gain, ondokoak daude:
  • Komunikazio Zentrala: Hartatik, deiak eta esku hartzeak kudeatzen dituzte.
  • Ikasgelak: Barne zein kanpo ikastaroetarakoak.
  • Krisi Aretoa: Informatika eta kudeaketa sistemak ditu, denbora errealean esku hartze handien edo Donostiako ekitaldien jakitun egoteko. Hartan, udal zerbitzuak eta larrialdietan esku hartzen duten beste guztiak elkartu eta koordinatzen dira, eskudun zuzendaritza politikoak gidatuta.
  • Argitalpen berezituak dituen liburutegia.

Suhiltzaile brigadentzako eraikina: Hartan, txandako suhiltzaileak egoten dira, larrialdietarako prest, ez badira maniobrak egiten edo deiren batean esku hartzen ari. Ondokoak ditu:
  • Aldagelak
  • Sukaldea eta jantokia
  • Irakurgela eta telebista gela
  • Logelak
  • Gimnasioa

Hangarra: Ibilgailuak noiznahi atera ahal izateko prest edukitzeko aldeaz gain (elektrizitate sareari lotuta, bateria guztiz kargatua egotea zein motorra hozteko zirkuitua beti tenperaturarik onenean egotea bermatzeko), zerbitzuaren biltegi orokorra eta lantegiak daude.

Maniobra patioa: Zabal-zabala, hainbat alde berezitu ditu, maniobra eta entrenamendu moten araberakoak. Gainera, ondokoak ditu:
  • Maniobra dorrea: Zazpi solairukoa, itzaltze nahiz eskalada tekniken araberako erreskate maniobrak egiteko erabiltzen dute.
  • Helikoptero geralekua: Beste larrialdietarako ez ezik, ospitaletarako joan-etorrietarako erabiltzen dute Osakidetza, Ertzaintza, Itsas Salbamendu edo beste agentzia batzuen aire baliabideek, horren beharra izanez gero.

Gainera, Donostiako Udalaren Suhiltzaileen Etxea gune neuralgiko moduan pentsatuta dago inguruotan gerta daitezkeen hondamendi handietarako. Elektrizitate sareak guztiz huts eginez gero jardun ahal izateko beharrezko sistemak ditu, eta maniobra patioa bera, azalera handikoa denez gero, baliabideak elkartu eta banatzeko erabil daiteke, bai eta aire baliabide baterako baino gehiagotarako base modura, kanpainako erietxe gisara…