Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Suhiltzaileen aurrekariak



Donostiarrak historian zehar suteek hirian eragindako txikizioen jakitun izaki, Udalak suteen aurkako ponpa bat erosteko erabakia hartu zuen. Horretarako, azterlan bat egin zuten Estatuko eta atzerriko hirietan, eta azkenean, 1817. urtean, zera erabaki zuten, Parisen ponpa bat erostea, 6.746 erreal kuartoren truke.

Donostiarrek elkartzeko erabakia ere hartu zuten, suteek eragindako galerei elkarrekin aurre egiteko. Hala, 1842ko maiatzaren 8an, Sociedad de Socorros Mutuos de Incendios de Casas de San Sebastián elkartea sortu zen.

Elkarte hori osatzen zuten etxeak identifikatzeko, adreilu edo plaka zuri bat jartzen zuten kanpoaldean, eta, plakaren barruan, "S.os M.os Sn. Sn." idazten zuten, letra urdinetan. Gaur egun ere plaka horiek ikus daitezke hiriko hainbat eraikinetan.


Aspaldi-aspaldian, eraikuntzaren gremioetako langileak izaten ziren, zurginak bereziki, suteak itzaltzeko ardura hartzen zutenak. Mutua sortu zenez geroztik, ordea, auzoko guztiek ezinbestean jo behar zuten sutea pizten zen tokira, itzaltze-lanetan laguntzeko ur-ontziak eramanez; bestela, isuna jartzen zieten.

Hala ere, laster konturatu ziren horrela jardunez nekez lortzen zutela beren helburua, eta hortaz Mutuaren arduradunek beharrezko ikusi zuten espezialisten kidego bat antolatzea, sute-eremura berehala bertaratu eta suteen ondorio larriak saihestuko zituztenak.

Eta horrela sortu zen Donostiako Suhiltzaileen Kidegoa.