Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Atal operatiboa


Informazio orokorra


Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak Zerbitzuaren jardun-eremuan gertatzen diren larrialdiei erantzuteko esku hartu behar du. Urtean 2.000 irtenaldi egiten dituzte esku hartzeko, gutxi gorabehera.

Atal horretan, Zerbitzuak komunikazio-operadore iraunkorra du, baita esku-hartze brigada bat ere. Brigada horrek berehala erreakzionatzen du, nahikoa du minutu bat telefonoak jotzen duenetik suhiltzaileak beren ibilgailuekin irteteko.

Atal horretako langileek txandaka jarduten dute. Larrialdietan esku hartzen dute langile horiek, eskatzen dietenean, eta gainera egunero entrenatzen dira eta maniobrak ere egiten dituzte. Bestelako prebentzio-jardunetan ere aritzen dira, hala nola zaintalde berezien arretan (su artifizialak, jende ugari biltzen den ekitaldiak), instalazioen azterketan eta dibulgazio-jardueretan.

Esku-hartze motak


Atal operatiboak egiten dituen esku-hartze eta jarduerak 4 motatan sailkatzen dira: 3 motak esku-hartzeekin dute zerikusia, eta laugarrenak, berriz, prebentzio-zereginekin.

Esku-hartzeak honako hauetan banatzen dira:

Su-irtenaldiak: Suhiltzaileen lanarekin zerikusi zuzena dutenak. Sua edonon agertu ere, hondakinak biltzeko edukiontzi batean, etxebizitza batean edo industria handi batean adibidez, berehala bertaratzen dira suhiltzaileak sua itzaltzera.
  • Horrelako esku-hartzeak irtenaldien % 35 dira.

Erreskate-irtenaldiak: Suak garrantzi handia ez badu ere, pertsonen segurtasuna arriskuan dagoen irtenaldiak dira. Igogailu batean harrapatutako pertsonak erreskatatzea, trafiko-istripuen ondorioz autoen barruan harrapatutakoak askatzea eta abar.
  • Irtenaldien % 15 dira, gutxi gorabehera.

Laguntza teknikoko irtenaldiak: Suhiltzaileei beste hainbatetan ere eskatzen zaie eskura dituzten ekipoekin esku har dezaten, aurrekoen larritasun-mailara iristen ez diren arrisku-egoera jakin batzuetan, eta kasu horietan egiten dituzten irtenaldiek osatzen dute, hain zuzen, kategoria hau. Hala, fatxadatik erortzeko zorian dagoen etxe zati bat aska dezakete, urez betetako garaje bat xukatu, eta abar.
  • Irtenaldien % 50 dira.

Irtenaldi mota horien barnean egonik, Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak aurre egin behar dien esku-hartzeak askotarikoak dira. Aipatutako esku-hartzeez gain, gai arriskutsuekin ere esku hartu behar dute, edo altuera handiko erreskateak egin, besteak beste. Hortaz, su-hiltzaileek etengabeko entrenamendu eraginkorra behar dute, jardun behar duen egoera arriskutsuetan segurtasunez aritu ahal izateko.