Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Ekintza plana

Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren ekintza plana lan ildo ezberdinetan oinarritzen da. Lan ildo hauetan, eremu eta eragin gune ezberdinetan jarraitu beharreko pausu eta ekintzak zehazten dira.

1.-Diagnostikoa eta elkarlana

Aldiro aldiro, aniztasuna eta elkarbizitzaren eremuan Donostian ditugun erronka nagusiak kolektiboki identifikatzeari garrantzitsua deritzogu. Horrela, arrazakeriaren aurkako eta kulturartekotasuna lantzen duten egitasmo lokalen identifikazioa eta elkar ezagutza zein estrategiaren garapenenean akuilu izan daitezkeen gizarte zibileko aktore klabeekin elkar lanean aritzea dugu helburu.

2.-Formazioa eta sareen osaketa

Lan ildo honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, zurrumurruen aurkako agenteen sarea/k osatzea eta bestetik, sare horietan lanean arituko diren pertsonek lan hori burutzeko beharrezkoak dituzten gaitasunak eskuratzea.

Formazio saioak estrategia orokorraren urrats bakoitzean ditugun helburu eta lehentasunen arabera moldatuko ditugu, hortaz, unean uneko beharren arabera formazio saioen edukiak zein hartzaileak ezberdinak izango dira. Formazio saioak prestatzea lan ildo honetako egiteko garrantzitsua izango da beraz, (oinarrizko formazio saioak, sakontzeko mintegiak, udal teknikariei bideratutakoak, formatzaileei bideratutakoa e.a...), dena den, oinarrizko saioak ikasturte guztietan errepikatu beharko ditugun saioak direla aurreikusten dugu.

3.-Esku hartzea

Zurrumurruen aurkako ekintzen helburua gizarte sektoreen baitan aniztasunaren inguruan eraikitzen diren estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuak eraistea da. Besteak beste, bazterkeria egoerei aurrea hartu eta aniztasuna balioan jartzea ere. Hori horrela izanik, esku hartzeak, komunitateetan bertatik bertara tokiko pertsona eta eragileen inplikazioa bilatuz garatzen diren ekintzak direla ulertzen dugu. Eta oinarrian jatorri, kultura eta bizimodu ezberdinak dituzten pertsonen arteko elkarrekintza positiboak emateko inguruneak sortzea izango dute helburu.

Esku hartzeen fokua gizartearen gehiengoan jarriko dugu, hots, beraien burua arrazista gisa kontsideratzen ez duten baina diskurtso anbibalenteak dituzten pertsonetan hain zuzen ere. Lan hau garatzeko Donostiako udalak baliabideak bermatuko baditu ere (ekonomikoak, komunikatiboak, logistikoak, materialak...), estrategiaren arrakasta zurrumurruen aurkako agenteen sareek jarduera eta ekintza ezberdinak diseinatu eta garatzeko izango duten gaitasunari loturik dagoela ulertzen dugu. Zentzu horretan, sare horiek sortzea eta suertatuko zaizkien beharrak asetzea Kultur Aniztasun Bulegoaren egiteko garrantzitsuenetakoa izango da.