Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Alkatearen Bandoa, koronabirusaren krisia dela eta



Donostiar agurgarri horiek:

Donostiar guztiek eguneroko bizitzan gizalegezko erantzukizun batzuk gureganatzeko banako konpromiso bat hartzea da gure hiriak krisiak gainditzeko erakutsi duen gaitasunaren oinarria.
Nekez imajinatuko genuen gure hiriak azken hilabeteetan gure bizitzaren ezaugarri izan den egoera biziko zuenik. Garai gogorrak izan dira, baina ez genekizkien edo ahaztuta omen genituen gauzak gogoratu eta ikasi ditugu. Osasunak zer balio duen, zoritxarrari aurre egiteko eta eusteko gaitasuna, zaintzen eta laguntzen dakien komunitate bateko kide garela sentitzea, erantzukizun indibidual eta kolektiboaren zentzua...

Merezi duten bezala baloratzeari utzitako gauza askorenganako estimua eta zentzua berreskuratu ditugu. Txalo egin diegu, balkoietan, gu zaintzen gaituztenei. Gauzak hobetzen direnean, behar duenari gure gizalegezko jokabidearekin lagunduko geniola agindu dugu, gure ohiturak eta jarduteko moduak aldatuta.

Honenbeste pentsamendu, honenbeste sentimendu izan dira egun hauetan gure bizitzaren protagonista, eta ez da erraza lerro gutxi batzuetara biltzea.

Denbora honetan, gaixotasun horren eta beste gaitz batzuen ondorioz jasan ditugun galerengatik negar egin dugu, joan zaizkigun pertsonengatik, guk nahi genuen eta behar dugun bezala azken aldiz agurtu ezin izan ditugulako. Doala ene besarkadarik zintzoena haien senide eta lagunentzat.

Azken aste hauetan, gure hiria esnatzen ari dela bizi izan dugu. Gero eta gauza gehiago egin ditzakegu, apurka-apurka galdutako askatasun alorrak berreskuratzen ari gara, eta esperantzaz begiratzen diogu etorkizunari. Une berezi honetan sentitu dut, hain suertez, nire herrikideei hitz egiteko premia larria.

Krisi honetako hilabete ilunenetan inoiz baino harroago sentitu naiz komunitate honetako kide izateaz, donostiar izateaz. Harrotasun hori izan da egoera hau Donostiak dakien moduan gainditzen laguntzeko eragilea: elkartasuna eta erantzukizuna abiaburu hartuta. Horiek dira, hain zuzen ere, hemendik aurrera gehien beharko ditugun osagaiak.

Ez da lehenengo aldia Donostiak egoera latz bati aurre egiten diona. Historian, suteak, gerrak, indarkeriaren astindua eta krisi ekonomikoa jasan ditu Donostiak. Beti izan gara aurrera egiteko gai, zailtasunak gainditu, kolpeei aurre egin eta Donostia hobe bat lortzeko. Eta gakoa beti egon da donostiarrengan. Ziur nago, zailtasunak zailtasun, oraingoan ere lortzeko gauza izango garela. Egin egingo dugu, beste batzuetan bezala, baldin eta elkartuta egoten badakigu, laguntzeko eta elkarren eskutik joateko gai bagara.

Belaunaldien arteko itun bat

Gero eta askatasun handiagoa dugun une honetan, inoiz baino beharrezkoago zaigu erantzukizunez eta zentzuz jarduteko gai izatea. Horren mende dago gure eta geure bizilagunen osasuna. Ez dakigu zenbat denboran biziko den birusa gurekin, ez eta pandemia horrek nolako bilakaera izango duen ere. Baina badakigu, jakin, hemendik aurrera elkar zaintzeko betebeharra dugula. Geure burua zaintzea, besteak zaindu eta babestuko baditugu. Gure esku dago erantzule izatea, arduratsu izatea, ezagutzen ditugun gomendioak errespetatzea, besteak arriskuan ez jartzeko. Ez dago hori baino elkartasun ekintza handiagorik. Ez dago kide garen komunitatearekiko konpromisoa eta hura zaintzeko borondatea baino indar handiagorik duen araurik, legerik edo zigorrik. Kalean, dendetan, autobusean, hondartzan..., unean-unean, elkar zaintzeko aukera dugu. Besteak errespetatuta eta besteon errespetatua jasota. Hala jokatzeko gai garela erakusteko aukera dugu.

Banakako eta gizarte elkartasuna

Hilabete gogorrak ditugu aurrean, krisi hau gaindituta, gogotik ahalegindu beharko dugu gure hiria berreraikitzeko, Donostia berriro zutik jartzeko. Eta, horretarako, inoiz baino beharrezkoagoa izango dugu konfinamendu aste gogorretan azaleratutako sentimendu eta balio horiei bizirik eustea. Gogorrak izango dira gure hiriko bizitza konfinatuta eta izoztuta egondako aldi horren ondorioak. Hala izaten ari da gurekin bizi diren pertsona askorentzat, eginkizun ikaragarri bat baitute aurrean. Guztiona den eginkizun bat, elkar hartuta aurre egin beharrekoa.

Erakundeok erantzukizun handi bat dugu: egoera aldatzeko neurriak hartzean ondo asmatzea. Gure Udalak zeregin garrantzitsua izango du egokiera horretan. Baina horrek ez du ekarri behar guk geure herritar dimentsioari saihets egitea. Inoiz baino erabakigarriagoa izango da herritar moduan zer egin ahal dugun edo zer ezin dugun egin. Orain, inoiz baino beharrezkoagoa da geure buruari hau galdetzea: Zer egingo dut, hemendik aurrera, guztion onerako? Zertan lagundu diezaioket Donostiari egoera honetatik suspertzen eta hiri hobe bat izaten? Galdera honi emango diogun erantzunaren bidez altxatuko da Donostia, bai eta aurrera jarraituko ere.

Horregatik guztiagatik, eta etapa etapa honek gure normaltasuna ahalik eta azkarren berreskuratzeko aukera eman diezagun, dei bat eta gonbit bat egiten dizkizuet:
  • Agintari zibilek osasun, higiene eta gizarte arloan ematen dituzten gomendio guztiak kontuan izatea eta betetzea.
  • Gizalegezko jarrera arduratsu bati eustea, gizarte bizitzaren arlo guztiak oinarrizko segurtasun bermeekin garatu

Bakoitzaren erantzukizuna
Eskatzen dizuedan erantzuna gutako bakoitzak honako hauek egiteko konpromiso bat baino ez da: gure kaleak bizitzaz betetzea; gure hiria ezagutu eta bete-betean gozatzea; gure saltoki, merkatu eta enpresetan erostea; gure auzotar eta adinekoak zaintzea; gutxiago kutsatzea, eta, denon artean, Donostia hobe bat eraikitzen jarraitzeko laguntza. Gure bizitokia, gure etxea, gure hiria izateagatik zaindu nahi dugun Donostia bat.

Erlazionaturiko dokumentuak