Inprimatu
Whatsapp ikonoa

2017. Donostia, Nahi duzun hiria


Donostia/San Sebastián 2017


Atzean utzi dugu 2016a. Kultur hiriburutzak eguneroko agenda markatu duen urtea. Dagoeneko atzean utzi dugu 2016a, eta urte osoan bizi, elkarbanatu, gozatu edo ikasi ahal izan dugun guztiaren inguruko balantzea egiteko unea da. Denborak esango du Elkarbizitzarako Kultura deitu duguna ekitaldiz jositako egitarau baten aitzakia soila edo hiria eraikitzeko eta partekatzeko modu berri baten lehen urratsa izan ote den.

Balorazio ofizialaz harago, iritzi pertsonala gehitzea gustatuko litzaidake. Herritarren elkarreraginak eratzen ditu hiriak, eta herritar horiekin ditugun harremanen ondorio dira gure bizitzak. Elkarbizitza galdu ezin dugun aberastasuna da, gure ondare nagusia, ondo zaindu beharrekoa. Gure nortasuna zabaldu dugu munduan. Euskal hiri txiki bat gara, hain zuzen ere bere erroetatik aurkeztu egiten den eta abangoardiarantz doan hiri txikia. Beti ere gure irudia kultura bezalako balio positibo bati lotuz. Egunerokoan gogoan izan eta etengabe berretsi behar dugun eginkizuna. Hemendik aurrera, urtero izango da 2016. Etorri beharrekoak, elkarbizitzarako aukerak.

Irekiagoa, pluralagoa eta abegikorragoa den hiri batean elkar bizitzea. Eraginkorra. Aberatsa. Parte-hartzailea. Solidario eta eskuzabala. Atsegina, erosoa, gustura bizitzeko modukoa. Baina bereziki, guztion artean marraztutako hiri-ereduaren parte izatea. Inor ahantziko ez duen proiektua.

Etorkizunera begira aurreikuspen onak egiteko moduko datu ekonomikoak utzi ditu aurtengoak. Barne Produktu Gordinak %3,1eko hazkundea izan du, eta hiriko enpleguak %7,7ko igoera. Aurreko urtekoekin alderatuta, hirukoiztu egin dira datuok. Hiria suspertzen hasia dela esan genezake.

Hala eta guztiz ere, lanean jarraitu behar dugu, hobekuntza hori gizarte guztiarentzat orekatua izan dadin. Egun, gure langabezia-tasa, hezkuntza-maila eta errenta inguruko beste hiri batzuena baino hobea da. Hiriko eremuen arteko oreka areagotzea dugu helburu. Edozein herritarrek gogoko duen bizi proiektua garatu ahal izateko moduko hiria izan behar du Donostiak.

2017a erronka handirik gabeko urtea dela uste duena, oker dabil. Aurten, geuri dagokigu agenda osatzea. Hiri honetako bizilagun bakoitzari. 186.925 proiekturen urtea da aurtengoa. Xehetasunak ahaztu gabe, orokortasunean pentsatzekoa. Inor atzean utzi gabe, aurrera begiratzeko urtea. Horretarako, erronka askoren batuketa den hiri-eredu baten aldeko apustua egin nahi dugu.

// zenbait erronka, buruan dugun hiriarentzat.

Populazioaren hazkunde eta gaztetzea garrantzitsuak dira oraina eta etorkizuna oparoak izan daitezen. Hori horrela izateko, familia proiektuetan oinarritutako birsorkuntza-proiektu berriak garatzen lagunduko duten neurrien aldeko apustua egin behar da. Egoera ekonomikoaren adierazleak gorantz doaz, eta ondorioz, etxebizitzen prezioak ere bai. Hori da helburu nagusietako bat. Donostia hiri inklusibo bihurtzea. Honenbestez, garrantzitsua da oraindik donostiarren kezka nagusia den gaiaren inguruan lanean jarraitzea: ekonomiaren garapenean. Eta horretarako ezinbestekoa da susperraldiaren oinarrien alde egitea.

/ Nortasun propioa duen hiria
Gure ondareari eusteko apustua egingo dugu, garapenari uko egin gabe. Donostia hiri bizia da oso, ohiturak eta berrikuntzak elkarrekin aurrera doazen hiri bat. Eta horretarako, euskara eta kultura elementu bateratzaileak dira, gure nortasuna nazioartean erakusten jarraitu ahal izateko.


/ Aurrera doan hiria
Donostia ezagutzaren, teknologiaren eta berrikuntzaren hiri gisa ulertzea, merkataritza eta ostalaritza lehiakor bati esker, talentua erakarri eta mantentzen duen hiri gisa. Barrura nahiz kanpora begira lotura onak dituen hiri jasangarria, trena garraio nagusi eta Urumea bizkarrezur. Hiri gisa haztea ahalbidetuko digun ardatza, donostiar guztiei beren hirian bizitzeko aukera emango dien etxebizitza plan bat sortuz. Etorkizuneko proiektuz beteriko hiria: kirol, osasun eta industria azpiegitura berriak; aisialdi-guneak, irisgarritasun bertikala edo hiriko espazioen biziberritzea.

/ Hiri bizia, elkarbizitzarako hiria.
Iraganari ihes egin gabe, bizikidetzaren eta elkar-ulermenaren bidez oraina eta etorkizuna besarkatzen dituen hiri irekia. Pertsona guztien ongizate sozialaz arduratzen den hiria. Adeitsua, solidarioa eta atsegina, inor atzean ez uzteko gizarte zerbitzuak sendotzeko apustua egiten duena.

/ Partekatutako hiria
Hiri parte-hartzailea, etengabe garatzen ari dena eta etorkizunari so egiten diona. Donostiar guztiek eta beren Udalak bat eginda idatzi behar duten etorkizuna.


// GUZTION HIRIA: ZEINTZUK DIRA ZURE PROIEKTUAK?

Donostia guztion hiria. Egunerokorako hiria. Erronken hiria. Argi dugu zer nolako Donostia nahi dugun. Baina zurekin osatu nahi dugu.

Idatzi, proposatu, kritikatu edo iradoki. Parte hartu. Zein dira zure lehentasunak? Zeren mira duzu? Zer aldatuko zenuke?

Partekatu itzazu gurekin zure ideiak, honako helbide elektronikora idatziz:

alkatetza[@]donostia[.eus]

Elkarrekin marraz dezagun buruan duzun hiria.

Gora Donostia,
eta Urte Berri On!