Gazteen Antzerki Topaketaren 37. edizioan parte hartzeko deialdia prest

Antzerki taldeek martxoaren 11ra arte eman ahal izango dute izena

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Udaleko Donostia Gazteriak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, XXXVII. Gazteen Antzerki Topaketa antolatu du

Antzerki Topaketaren helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, nola interprete edo sortzaile izan (agertoki gainean edo atzean), hala ikusle izan. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi da, eta kultura-jarduerak bultzatu horrela.

Bestalde, Topaketak parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu, haien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita haien kultur ekoizpenaren hedapena bultzatzeko ere.

Deialdian parte hartu ahal izateko, taldeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

• Talde ez-profesionala izatea.
• Partaideen adina 14 eta 30 urte artekoa izatea.
• Lehentasuna emango zaie Donostiako ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independenteei (zentro batekin lotura ez dutenak); azken horien kasuan, taldeko partaideen %50ak, gutxienez, hirian erroldatuta egon beharko dute.
• Hainbat alderdi baloratuko dira, hala nola proiektu artistikoaren originaltasuna, taldearen ibilbidea eta euskararen erabilera.

XXXVII. Gazteen Antzerki Topaketan parte hartu nahi duten taldeek eskaera inprimakia bete beharko dute, antzezlanaren argazki adierazgarri batekin batera, eta 2026ko martxoaren 11 baino lehen gazteria@donostia.eus posta elektronikora bidali.

Gazteen Antzerki Topaketaren oinarriak

Izen emate inprimakia

2026/02/10-an argitaratua