ETB, Kontxako Banderaren telebista

EiTBk eta Donostiako Udalak aurkeztutako lankidetza hitzarmenaren arabera, ETBk oso osorik eskainiko du Kontxako estropada aurten eta hurrengo hiru urteetan.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Astearte honetan, uztailaren 11n, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Kontxako Bandera estropadaren inguruan lankidetza hitzarmena aurkeztu dute. Hartara, aurten eta hurrengo hiru urteetan Kontxako estropada eskainiko du ETBk zuzenean.

ETBrekin batera, EiTBko komunikazio taldeko eitb.eus-ek, Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak oso-osorik emango dute irailean Kontxako badian izango denh proba. Sailkapen probak eta estropadako bi jardunaldiak, emakumezkoena zein gizonezkoena, zuzenean eskainiko dira EiTBn.

Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik, Sara Gandarak eta Xabier Anduezak emango dute irailaren 3an eta 10ean jazotzen den guztiaren berri ETBrentzat. Beste behin, Euskal Telebistak jarraipen zehatza egingo du emanaldia eskaintzeko. Lan-talde handia eta baliabide tekniko asko erabiliko dituzte arraun proba ikus-entzuleei ahal den gertuen eta osoen eskaintzeko.

Ekoizpen guztia HD kalitatean egingo da, eta, besteak beste, katamaranean eta helikopteroan kamera geo estabilizatzaile bereziak izango dituzte; traineruetan urrutitik kontrolatutako sei minikamara eta kaian protagonistei jarraitzeko kamera autonomoa erabiliko dituzte. Halaber, traineruen arteko distantzia GPS bidez eskainiko dute, eta haririk gabeko audioa izango da traineruetan.

Eneko Goia Donostiako alkateak EiTBri Kontxako Banderarekin agertutako konpromiso eta parte-hartzea eskertu dio. Hiriarentzat kirol probak berak eta telebista, irrati eta internet bidez emateak duen garrantzia gailendu du.

"EiTBri esker -esan du- milaka eta milaka lagunek gozatu dezakete Donostiako badian jokatzen den lehiaketa ikusgarriaz, eta horrek gure hiriari nabarmentasuna ematen dio". Goiak EiTB eta Kontxako Banderaren arteko lankidetzak urte asko iraun dezan gogoa agertu du, "arraunarentzat eta Donostiarentzat ona izango delako".

Orobat, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia pozik agertu da sinatutako itunarekin eta lankidetza eskertu dio Donostiako Udalari. "Hitzarmenak, Kontxako Banderaren antolatzaile den Donostiako Udalarekin dugun harremana sendotu du, eta ETBk estropadaren telebista izaten jarraituko duela bermatu du. Berebat, ituna oso garrantzitsua da zerbitzu publikoa eskaintzea helburu duen telebista batentzat eta, era berean, berezitasunen artean euskal kultura zabaltzea xede duen telebistarentzat", azaldu du.

Azkenik, Iturbek telebista emankizunaren ikuspegitik probak duen garrantzia azpimarratu du: "Kontxako Bandera, puntako gizarte, kultura eta kirol ikuskizuna izateaz gainera, Euskal Telebistarentzat erronka eta mugarria da ikus-entzunezko erretransmisio gisa. Lankidetzari esker, estropada arrakastatsua izateko erraztasunak eman, eta eskura dituzten baliabideak eskaintzen dizkigute. Eta gu saiatzen gara urtez urte proba geroz eta txukunago eta hobeto ematen. Ahalegin horren ondorioz, estropadari gure kalitate marka utzi diogu".

2017/07/11-an argitaratua