Katalunia Plazako zuhaitzak aldatuko dira, eta espezie hostozabalagoak jarriko dira

Plaza aterpe natural moduko bat izango da bero egiten duen egunetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udala datorren astelehenean hasiko da Katalunia plazako zuhaitzak aldatzen, gehienak egoera txarrean daude-eta.

Carlos García Hiri Mantentzeko zinegotziak adierazi duenez, "Parke eta Lorategietako udal zerbitzuek plazako ale asko hondatuta daudela ohartarazi dute, estres hidrikoa izan baitute azken aldiko tenperatura altuen ondorioz. Une honetan, plaza horretako zuhaitz asko lehor daude, edo ez dute etorkizun-perspektiba handirik. Klima-baldintza berriekiko erresistenteagoak diren espezieak landatuko ditugu, eta ale gazteak hiriko beste eremu batzuetan birlandatuko ditugu."

Gaur egun, Katalunia plazan 62 zuhaitz daude, hainbat espezietakoak, hala nola magnolioak, gereziondoak… eta, bestetik, hutsik dauden txorko batzuk, bertako zuhaitzak egoera txarrean egonda, moztu egin baitziren. Dozena bat ale beste eremu batzuetan birlandatuko dira, gehienak magnoliak.

aterpe naturala bero egiten duen egunetan

Adaburua garatzen duten aleak, eta plazari itzala ematen diotenak, bilatu ditugu; hala, plaza aterpe natural moduko bat izango da bero egiten duen egunetan. Belardiko soropila ere onera ekarriko da, lore-eremuren bati eutsita, baina ohiko erabilera errespetatuz

"Sail berriak berrogeita hamar zuhaitz inguru izango ditu, baldintza klimatikoekiko ez ezik, Katalunia plazarekiko ere erresistenteagoak izango direnak. Izan ere, Katalunia plaza plaza gogor bat da, itsas-ingurunetik hurbil dagoelako, eta horrek ere baldintzatzen du espezieen garapena", adierazi du Carlos Garcíak. "Honako zuhaitz hauek landatuko dira: Schinus molle edo Piper Zuhaitz Faltsuak, 30 ale; Kalistemoak, 12 ale; loratutako zuhaitz txikiak, eta Cinnamomum Camphora edo Kanforrondoa, 8 ale. Azken hauek berriak dira Donostian, eta Galtzada Nagusitik hurbil dagoen plazaren aldean joango dira."

2023/11/24-an argitaratua