Aurrera doa Hondartzen ordenantza berria, erretzea eta bozgorailuen erabilera debekatuz
Bainu-garaian hareatzetara txakurrekin sartzeari buruzko atala ez da aldatuko
Donostiako Udala
aurrera doa hondartzen ordenantza aldatzeko prozesuan, uda honetatik aurrera
hondartzetan erretzea eta bozgorailuak eta soinu-gailuak erabiltzea debekatuta egon dadin. Azkenean, ez da aldatuko bainu-garaian (ekainaren 1etik irailaren 30era) hondartzetara
maskotekin sartzeari buruzko atala, eta, beraz, orain arte bezala,
debekatuta egongo da hori.
Joan den azaroan,
Donostiako Udalak, Osasun eta Ingurumen Atalaren bitartez, araudia aldatzeko hasierako proposamena aurkeztu zuen. Proposamen horretan, hiru neurri nagusi jasotzen ziren:
- erretzea debekatzea, zigarrokinek eragindako kutsadura murrizteko eta kerik gabeko espazioak sustatzeko
- zarata sortzen duten gailuak mugatzea, erabiltzaileen ongizate akustikoa eta lasaitasuna bermatzeko
- urte guztian txakurrek hondartzetan sartzeko modua izatea, Etxeko Animaliak Babesteko Euskal Legera egokituta
Proposamena herritarrek kontsultatzeko moduan jarri ondoren,
erabaki da lehenengo bi neurriekin aurrera jarraitzea eta maskoten sarbideari buruzkoa etenik uztea.
"Araudian aldaketa hori egitea planteatu genuen, sinetsirik hiriarentzat positiboa zela eztabaida hori irekitzea. Uste genuen gaiak interes eta jarrera desberdinak sortuko zituela, eta horrexegatik erabaki genuen jendaurrean jartzea. Benetako parte-hartzean sinesten dugu, ez izapide gisa, baizik eta erabakietan eragina izango duen tresna gisa ", adierazi du Iñigo García Ingurumeneko zinegotziak.
Erlazionatutako dokumentuak
2026/02/20-an argitaratua