Eduardo Chillidaren mendeurreneko egitaraua aurkeztu da Fitur azokan

Programazioa 2024tik 2026ra luzatuko da eta hainbat gunetan erakusketak egongo dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostia Turismoa FITUR azokan izango da, Madrilen, 2024ko urtarrilaren 24tik 28ra. Euskadi Basque Country espazioan eta gaur, urtarrilak 24, asteazkena, 15:00etan, "Eduardo Chillida. 100 urte" aurkezpena egingo da.

Bertan izango dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzia, Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendaria, eta Mikel Chillida artistaren biloba eta Chillida Lekuko garapen zuzendaria.

Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioak, erakunde askorekin lankidetzan, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurreneko egitaraua aurkeztuko du, zeinaren helburua baita Chillidaren obra estatuko eta nazioarteko agertokietan ezagutaraztea, belaunaldi berrietan bereziki arreta jarrita.

“Eduardo Chillida 100 urte. Topalekua" izenpean, mendeurrenaren egitaraua zabala eta diziplina anitzekoa izango da eta, besteak beste, erakusketez, argitalpenez eta ikus-entzunezko, hezkuntzako eta ikaskuntzako proiektuez osatuta egongo da, non nabarmen jarriko baita Chillidaren obraren legatua.

2024tik 2026ra bitartean hainbat espaziotan egitarau kultural zabala antolatuko da, tartean, Chillida Lekuren historiari eta sorrerari buruzko dokumental bat, musikarekin eta arte eszenikoekin lotura duten jarduerak, Chillidaren figuran eta bere obraren konplexutasunean sakontzeko argitalpenak, etab.

Erlazionatutako dokumentuak

2024/01/24-an argitaratua