Udalak haur eta gazteen aisialdian euskara sustatzeko egitasmoak antolatu ditu

Parkeetan, eskola eremuetan eta kirol entrenamenduetan egingo dira jarduerak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak, bere Euskara Zerbitzuaren bidez haur eta gazteen artean aisialdian euskararen erabilera sustatzeko lanean jarraitzen du.

Udalak ikusten du haur eta gazte askok eskolan bakarrik hitz egiteko aukera dutela, eta, beraz, komenigarria eta beharrezkoa dela bizi-eremuak sortzea euskara aisialdian ere erabil dezaten.

Aste honetan Parketarrak izeneko proiektua egiten ari dira hiriko 15 auzo eta parkeetan. Parketarrak proiektuari esker, neska-mutilek euskaraz jolasteko ohitura hartzen dute auzoko parkeetan. Ekimen honen barruan bi programa eskaintzen dira:
  • Zabu-zibu, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat
  • Txirrintxon, 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat.

Horrela, udazken honetan 105 saio antolatuko dira urriaren 9ra arte Donostiako hainbat plaza eta parketan (saioen ordua eta tokia donostiaeuskaraz.eus helbidean).

Prebentzio-neurriekin


Bizi dugun egoera dela eta, "Parketarrak" programa egoera berrira egokitu behar izan da, eta horregatik, ezaugarri eta baldintza batzuk aldatu egin dira. Horiek ezinbestekoak dira haurren, familien eta begiraleen osasuna bermatzeko, eta, horregatik, beharrezko neurriak hartuko dira, hala nola:
  • Haurrei tenperatura hartu eta eskuak garbituko zaizkie jolasten hasi aurretik
  • Talde bakoitzean bederatzi haur egongo dira gehienez.
  • Ez dira taldeen artean erlazionatuko
  • 6 eta 9 urte bitarteko haurrek maskara erabili beharko dute, eta distantzia sozialari eutsiko zaio.

Haurrak Beti Jolasean programa ere on line


Udaleko Euskara Zerbitzuak, bere aldetik, Haurrak Beti Jolasean egitasmoa antolatuko du urritik ekainera bitartean. Proiektu hau ikastetxeekin lankidetzan gauzatzen da.

Haurrak Beti Jolasean eskola-eremuaren barruan eskaintzen da, bai bazkalostean, bai eskolak amaitzean, eta egoerak ez badu uzten jolastokian biltzen edo jolasten, on line saioak antolatuko dira (aurrez aurreko saio telematikoak). Haur Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera eta Lehen Hezkuntzako maila guztietan.

Interesa duten gurasoek ikastetxean edo Udaleko Euskara Zerbitzuan eska dezakete informazioa.

Jon Insausti kultura eta euskara zinegotziak adierazi duenez, "Garrantzitsuena haurrei euskara erabiltzeko guneak eskaintzea da. Uda honetan online proiektu pilotu bat antolatu dugu, adin horretako haurrentzako euskarazko saio ludikoekin, eta emaitza ona izan da. Horregatik, Haurrak Beti Jolasean proiektua diseinatu dugu, jolastokietan edo eskola-esparruetan egiteko, baina egoerak hala eskatzen badu, egokitu eta online antolatzeko aukerarekin".

Entrenamenduetan euskara erabiltzeko KEES metodologia


Haur eta gazteen aisialdian denbora gehien hartzen duen beste espazioetako bat kirola da. Horregatik azpimarratzen du Udaleko Euskara Zerbitzuak hor. Horrela, euskararen presentzia areagotzeko lan egiten da KEESS metodologiari esker (Kirol entrenamenduetan euskara sustatzea).

Dagoeneko Donostiako 17 kirol elkartek hartu dute konpromisoa 2020-2021 denboraldirako. Horrela, aurtengo denboraldian 147 taldek erabiliko dute euskara euren entrenamenduetan, eta horri esker, bi mila haur eta gaztek baino gehiagok euskaraz entrenatuko dute.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/09/24-an argitaratua