Azaroak 25, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna

Donostiako III. Beldur Barik Lehiaketako sariak banatuko dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Datorren astelehenean, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna izango da.

Berdintasuneko zinegotzi Duñike Agirrezabalaga sozialistak adierazi duenez, “egun hori aldarrikapen eta sentsibilizazio eguna da, baina eguna bera baino garrantzitsuagoa da egunero era guztietako indarkeria matxisten kontra egiten dugun lana”.

Agirrezabalagak adierazi duenez, “indarkeria matxistak era askotara agertzen dira: tratu txar fisikoak, isekak, umiliazioak, bortxaketak, hilketak, indarkeria ekonomiko eta sinbolikoa, sexu erasoak, laneko jazarpen sexual eta sexista... Askotan, arreta erasotzaileengan, tratu txarrak ematen dituztenengan edo jazarleengan jarri beharrean, emakumeei begiratzen diegu”.

Indarkeria horren arazoa konplexua da, eta, hori konpontzeko, erantzun integralak behar dira. Funtsezkoa da erakundeok indarkeriaren biktimei ematen diegun arreta hobetzea eta prebentzioa areagotzea. Lortu behar dugu gizarte osoak gaitzestea jokabide matxistak, batzuetan onartu eta normalizatu egiten baitira. Tratu txarrak eman eta umiliatu egien duten horiena da erantzukizuna, inoiz ez beren askatasuna baliatuz lanera, paseatzera, kirola egitera doazen biktimena, kasu honetan emakumeena”.

Berdintasun Bulegoa urte osoan aritzen da prebentzioa lantzen, autodefentsa feministaren bidez eta erasoen aurkako kanpainak eginez hiriko une garrantzitsuetan (jaietan, esaterako). Gainera, Emakumeen Etxean indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako espazio eta zerbitzu espezifikoak eskaintzen dira.

Egun honen harira, indarkeria matxista lantzen da haurtxoko eta gaztelekuetan, lantegi eta ipuinen bidez eta horma-irudiak eginez.

Azaroaren 22an, 19:00etan, Donostiako III. Beldur Barik Lehiaketako sariak banatuko dira, Kontadoresen.

Bestalde, hilaren 25erako, Donostiako Asanblada Feministak manifestazio baterako deia egin du. Manifestazioa Boulebardetik abiatuko da, 19:00etan.

Urtero bezala, Emakumeen Etxean puntu moreak eskuratu ahal izango dira, norbaitek bere bulegoan, establezimenduan edo beste tokiren batean jarri nahi baditu ere. Puntu more horiek jarrita egongo dira Dbuseko autobusetan, udaletxean eta udal eraikinetan.

2019/11/14-an argitaratua