Patinete elektrikoak bidegorritik ibiliko dira Donostian

Behin behineko araudia onartu du Udalak, behin betiko araudia onartu bitartean indarrean izango dena

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Norbanako mugikortasun ibilgailu motordunek (patineteak, hoverboard-ak, segway-ak eta antzeko beste ibilgailu batzuk) libre izango dute bizikleta bideetan ibiltzea, baina ez espaloietan, Parte Zaharrean, parkeetan eta oinezkoentzako guneetan. Horixe da Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentuak onartu eta indarrean berehala sartuko den behin behineko araudiak dakarren neurririk garrantzitsuena. Era berean, sentsibilizazio kanpaina bat ere egingo du Udalak, gure kaleetan dabiltzan mugikortasun elementu berri horiek behar bezala erabiltzeko.


Izan ere, mugikortasun-ibilgailu mota berri asko sortu da azken aldi honetan. Hori dela eta, neurri batzuk hartu beharrean izan da Mugikortasun Departamentua, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak aterako duen oinarrizko araudiari aurrea hartu dio. Hori gertatu bitartean, behin behineko araudia onartu du Donostiako Udalak, eta behin Trafiko Zuzendaritzak oinarri orokorrak onartzen dituenean, behin betikoa onartuko du.

Hala, hiru kategoriatan sailkatu ditu ibilgailuak, ibilgailuen tamainaren eta mekanikaren arabera, eta erabilera baldintza batzuk ere jarri ditu bakoitzarentzat.


Kategoriak


Norbanako Mugikortasun Ibilgailuak (NMI, motor elektrikodunak) eta Norbanako Mugikortasun Gailuak (NMG, motorrik gabekoak).
  • 0 taldea: 70 cm baino gutxiago zabal eta 1,20 m baino gutxiago luze. Zenbat lagun, gehienez: Pertsona 1 (motorrik gabeko patinetea eta monopatina)
  • 1. taldea: 25 kilo baino gutxiago, 70 cm baino gutxiago zabal, 1,20 m baino gutxiago luze. Gehienez, 25 km/ordukoko abiadura. Pertsona 1 baino gehiago ez dago ibiltzerik gainean. Gutxieneko adina: 16 urte. Argia atzean eta aurrean. Frenatzeko sistema (patinete elektrikoak, hoverboard-ak eta antzeko beste motordun ibilgailuak)
  • 2. taldea: (segway-ak eta eserlekua duten beste ibilgailu elektriko batzuk). Pisua eta neurria, aurreko kategoriatakoek baino handiagoa. Gutxieneko adina: 18 urte. Derrigorra da kasko homologatua jantzita ibiltzea. Frenatzeko sistema. Argia atzean eta aurrean. Jantzi islatzaileren batekin ibiltzea gauean edo gutxi ikusten denean.

2018/12/26-an argitaratua