Donostiako udalak, indarkeria matxistak nerabezaroan IV. jardunaldia antolatu du.

Urriaren 22an Intxaurrondo Kultur Etxean izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa




“Indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak, autodefentsa feminista eta sareak” izenburupean, aurtengo jardunaldia urriaren 22an Intxaurrondo Kultur Etxean izango da, goizeko 9:00etatik 14:00etara. Jardunaldia euskaraz burutuko da.

Batik bat, nerabeekin lanean edo kontaktuan dauden eragileei zuzendua dago; hala nola, haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileak, baita berdintasun teknikari, gazteria teknikari, irakasle, hezitzaile eta beste hainbat profiletako eragileak ere.

Egitaraua



Gai horiek guztiak lantzeko, jardunaldian honako hizlari hauek hartuko dute parte: Eider Goiburu, Emagin Elkarteko Idoia Arraiza eta Kattalin Artola; eta, Eihera Kooperatibako Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta.

Solasaldi nagusia Eider Goiburu, Psikologa eta feministak emango du. “Nerabezaroa, matxismoa eta prebentzio pilulak” izenburuarekin. Asmoa, nerabezaroari buruzko hausnarketa batekin hastea da. Ondoren, nerabeen errealitatea aztertuko dugu: non eta nola bizi dute nerabeek indarkeria matxista? Zein espaziotan? Zein modutara? Azkenik, nerabeekin indarkeria matxistaren prebentziorako pilulak eskainiko ditu: neskak eta mutilak banatu behar dira indarkeria matxista lantzeko? Gai ezberdinak landu behar dira batzuekin eta besteekin?...
Hitzaldi nagusiaren ondoren, aldibereko bi tailer eskainiko dira. Lanketa guztiak praktikara eramateari garrantzi handia ematen diogu, gorputza eta bizipenak erdigunean jartzeari alegia.
  1. 1go tailerra, “Emakumeentzako autodefentsa feminista: sareak, estrategiak eta sororitatea lantzeko” izango da, Emagin Elkarteko Idoia Arraiza eta Kattalin Artola-ren eskutik. Emagin elkartearekin, autodefentsa feminista defenditzeko tresna hutsa baino haratago doala ikusi eta ikasiko dugu, feminismoak indarkeria ulertzeko ematen dizkigun gakoak gure egin eta hezitzaile bezala aritzean kontuan izan beharreko gakoak zein diren landuko dugu.
  2. Eta 2. tailerra, “Zergatik eta nola landu indarkeria matxista, neska eta mutilak bereizita?” izango da. Horretarako, Eihera Kooperatiba Txikiko Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta gonbidatuko ditugu. Izandako esperientzia desberdinak oinarri hartuta, batez ere, eskolako esku-hartzeetan ohikoak diren praktiken inguruan hausnartzea izango da helburu. Nerabeekin egiten duten lanketa azalduko digute, Hain zuzen ere, neska eta mutilekin lanketa berezituak egitearen garrantzia, bakoitzari bere espazioa aitortuz.



Egitaraua PDFan


Izen ematea


Sarrera doakoa den arren, izen ematea beharrezkoa da edukiera mugatua delako. Izena emateko epea urriaren 2tik 15era da eta Donostia Gazteriako webgunean (www.donostia.eus/gazteria) egin daiteke edo esteka honetan zuzenean www.labur.eus/indarkeriamatxistajardunaldia2020




Jardunaldia


Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera, indarkeria matxistak nerabezaroan lantzeko jardunaldia antolatu du laugarren urtez. Aurten, lehenengo edizioko oinarrietara begiratu nahi dugu eta indarkeriari aurre egiteko eta gazteekin lan egiteko ditugun oinarrizko baliabideak eta ezinbestekoak direnak berreskuratu nahi ditugu.

Nerabeei jendarteak eskatzen dizkieten rol eta estereotipoen inguruan hausnartuko dugu, horrek, zer nolako harremanak indartzen dituen eta horri aurre egiteko ditugun tresna batzuk ezagutuko ditugu, hau da, autodefentsa eta sororitatea.

Indarkeria matxistari aurre egiteko jendartearen eraldaketa eta kontzientziazioa beharrezkoak direla esaten dugu. Eraldaketa hori emateko identifikatzea eta posizionatzea ezinbestekoak dira eta horretarako gaiaren ezagutza eta konpromiso pertsonalak beharrezkoak. Oraingoan kolektiboaren baliabide pertsonaletan jarri nahi dugu fokua.

2020/10/01-an argitaratua