Paseo Berria, Leizaola Pasealekua eta Haizearen Orrazia itxiko dira olatu arriskua dela-eta

Alerta laranja olatuak direla-eta ostegunean goizean amaituko da.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohartarazi du alerta laranja egoera dagoela kostan olatuak direla-eta. Hori horrela, Donostiako Babes Zibilak hainbat segurtasun neurri hartuko ditu.  

Atzo Paseo Berria ibilgailuentzat itxi egin zen olatuak zirela-eta abisu horia baitzegoen. Eta gaur goizean paseoa itxita jarraituko du ibilgailuentzat 15:00ak arte. Ordu horretan, abisu horia alerta laranja izatera pasako da eta, ondorioz, Paseo Berria itxiko da ibilgailuentzat eta oinezkoentzat Argazkigintza Elkartetik aurrera.  

Halaber, kostako lehen lerroan dauden Leizaola Pasealekua (Zurriolako kai-muturra) eta Haizearen Orrazia (Eduardo Chillida Pasealekua) ibilgailuentzako zein pertsonentzako itxi dira. Itxierak ostegun eguerdia arte iraungo du. Orduan, alerta laranja abisu horia izatera pasako da.  

Gainera, Babes Zibilak aditzera eman du, Salamanca Pasealekuan - Soraluze eta San Juan kaleen artean - eta Aldamar kalearen hasieran aparkatuta dauden autoak kenduko direla eta bertan dauden edukiontziak lekuz aldatuko direla. Suhiltzaileen dotazio bat bertan egongo da alertak irauten duen bitartean. Baldin eta olatuek Zurriolako zubian salto handiak emango balute, itsasotik gertuen dagoen zubiaren aldea itxi egingo litzateke oinezkoentzat zein bizikletentzat.  

Era berean, Babes Zibileko departamentuak hiritarrei honakoa eskatu die: Arretaz ibiltzeko, olatuak dauden lekuetara ez sartzeko eta behin behinean jarriko diren seinaleak errespetatzeko, izan ere, azken hauen helburua da bai pertsonak bai pertsonen ondareak babestea”.  

Meteorologia aurreikuspenak dio 16:00tik 20:00ra olatuek kostaren aurka joko dutela. Olatuen altuera adierazgarria 4,5 metrokoa izango da eta olatuen arteko periodoa 19 segundokoa izango da. Itsasgora 17:40ean izango da 4,53 metroko altuerarekin. Gainera, asteazkenetik ostegunerako gauean, 4:00tik 8:00ra olatuek kostaren aurka joko dute berriro. Ordu horietan olatuen altuera adierazgarria 5 metrokoa izango da, eta olatuen arteko periodoa 17 segundokoa izango da. Itsasgora 5:59ean izango da, 4,78 metroko altuerarekin.  

2018/01/03-an argitaratua