Richard Oribe 2018ko Urrezko Danborra

Eneko Goia alkateak eta Bozeramaileen Batzordeak sarituaren izena jakinarazi dute gaur eguerdian Udalbatzar aretoan.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Richard Oribe igerilari paralinpikoak jasoko du 2018ko Urrezko Danborra Donostiako Alkate Eneko Goiaren eskutik urtarrilaren 20ean 12:30ean Udaletxeko Udalbatzar aretoan. Horrela jakinarazi dute alkateak berak eta udal taldeetako bozeramaileek gaur eguerdian Udalbatzar aretoan egindako ekitaldian.

Abenduaren 11tik 17ra erroldatutako donostiarrek bozkatu ahal izan dute Richard Oribe, Maialen Chourraut, Esther Ferrer, Dolores Redondo eta Alicia Amatriain-en hautagaitzen artean.

Guztira 6135 donostiarrek, 2630 gizonezko eta 3505 emakume, bozkatu dute www.donostia.eus web-gunearen bitartez. Adinei erreparatzen badiegu: bozkatu duten 500 donostiarrek 16 eta 25 urte artean dituzte; 863, 26 eta 35 urte artean; 1388, 36 eta 45 urte artean; 1429, 46 eta 55 urte artean; 1172, 56 eta 65 urte artean; 563, 66 eta 75 urte artean; eta 220, 75 urte baino gehiago.

Donostiako alkateak adierazi du, bost hautagaiek ondo baino hobeto ordezkatzen dutela gure hiriaren balioak. Eta Richard Oribek ordezkatzen du zailtasunei aurre egiteko eta aurrera jarraitzeko gaitasuna. Inklusioaren erreferente da, eta hori da, hain zuzen ere, Donostiarentzat nahi duguna, hau da, guztiontzako hiria izatea.

Richard Oribe profila (Donostia, 1974)


Garuneko paralisi lesio baten ondorioz, igeriketa izan zen Richard Oribek egin zuen terapia.

Aspaceren Dordoka klubean egin zituen lehen urteak, eta ondoren, 1998tik aurrera, Konporta Kirol Elkartean ari da.

Sei Joko Paralinpikoetan hartu du parte: Bartzelona, Atlanta, Sidney, Atenas, Beijing eta Londresen. Guztira 16 domina lortu ditu, 9 urrezko, zilarrezko 5 eta brontzezko 2.

Munduko bost txapelketetan hartu du parte eta 22 domina lortu ditu 12 urrezko, zilarrezko 7 eta brontzezko 3. 48 alditan munduko hainbat errekor hautsi ditu 50, 100, 200 eta 400 metroko estilo librean.

Nazioarteko txapelketetan guztira 135 domina jaso ditu.

Europako Txapelketan 7 alditan parte hartu du eta 28 domina lortuz 22 urrezko eta 6 zilarrezko, hain zuzen ere.

2008ko Kirolari Onenaren Euskadi Saria jaso zuen, Leire Olaberria txirrindulariarekin batera.

Kirolaz gain, bestelako sariak ere bildu ditu:

• Donostiako Udalak Herritar Merezimendu Domina eman zion 2007an
• Kirol merituaren domina jaso zuen Espainiako Errege-erreginaren eskutik.
• Joko Garbia saria jaso zuen 2011ean Lausanne-n, Suitzan.
• Ramon Rubial Fundazioak Euskal Kirolariaren saria eman zion 2011ean.

2017/12/18-an argitaratua