Udalak alokairuko bizikleta publikoen sistema kudeatzeko enkargua egingo dio Dbusi

Sistema mistoa izango da, bizikleta elektrikoak eta mekanikoak eskainiko baititu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Mugikortasun iraunkorraren kudeaketa eraginkorra eta garraio publikoaren garapen handiagoa lortzeko xedez, Donostiako Udalak Donostiako alokairuko bizikleta publikoen sistema kudeatzeko enkargua egingo dio Dbusi. Horren harira, gero eta gehiago dira bizikleta publikoaren sistemak hiri garraio gisa hartzen dituzten hiriak eta, hori dela eta, garraio publikoko enpresa operadoreak hasi dira sistemok kudeatzen. Martxoaren 12an Dbuseko Administrazio Kontseilua egingo da eta bertan sistemaren ezaugarriak zehaztuko dira.

Dbizi alokairuko bizikleta publikoaren sistema 2008aren amaieran jarri zen abian. Hasiera batean esperientzia piloto gisa sortu zen, alokatzeko bost estaziorekin eta ehun bizikleta mekanikorekin. Arrakasta izan zuenez, ondoren Donostiako Udala sarea handitzen joan zen eta 2013an sistema berria jarri zen, bizikleta elektrikoekin, hirian dauden aldapak igo ahal izateko eta urrutien dauden auzoetara iritsi ahal izateko.

Urte hauetan esperientzia hartu ondoren, Udalak sistema hobetu nahi du eta bizikletaren erabilpena sustatu nahi du, hirian dauden garraio publikoko beste era batzuen osagarri gisa. Horretarako, enkargua egin dio Dbusi lizitatu beharko den sistema berri bat abian jarri dezan. Sistema berria esleitu ondoren, hurrengo 4-7 hilabeteetan sistema funtzionatzen hasi beharko da, eta denbora tarte horretan egungo bizikleta publikoko zerbitzua ere martxan egongo da, hau da, ez da zerbitzua etengo.

Kudeaketa sistema berriarekin, Dbizi Dbusen eskaintzaren barruan sartuko da eta alokairuko bizikleta publikoen zerbitzuak Dbusen zerbitzuen katalogoan sartuko dira. Sistemak ordutegi zabalagoa izango du, 6:00etatik 00:00etara, eta bizikleta mekanikoak ere edukiko ditu. Horrela, eskaintza biderkatu egingo da eta sistema malguagoa eta osoagoa izango da, eta kalitatea handiagokoa. Horrela, bada, sistema mistoa izango da, bizikleta elektrikoak eta mekanikoak eskainiko baititu.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/03/07-an argitaratua