Udal administrazioan 200 arigune sortu dira eta 600 langilek eman dute izena Euskaraldian

Bigarren edizioan jarritako erronka berriari eutsi egin dio Udalak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako udal administrazioko langileek Euskaraldiaren bigarren edizio honetako erronka berriari eutsi diote. Hori dela eta, 200 arigune sortu dira, eta dagoeneko 600 pertsona baino gehiagok eman dute izena, aurreko edizioan baino 100 langile gehiago.

Udaletik, azken hilabeteetan, ariguneak identifikatu dira, taldeen parte-hartzea adostu da eta langileen izen-ematea sustatu da. Adibidez, Donostiako Prebentzio Su itzalketa Salbamendu zerbitzuan 3 arigune sortu dira, guztira 164 langilerekin.

Datua oso pozgarria da. COVID 19a euskararen normalizazioan geldiune bat izan dela adierazi du Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak “hartutako zenbait bide eta egitasmo etetera edo moteltzera behartu gaituelako, modu berriak asmatzera bultzatu eta abar. Ulertzen dugu testuinguru honetan aurtengo Euskaraldia abagune ederra izan daitekeela denok helburu bati bultzada eman diezaiogun. Aukera ona inertzia egokiak berreskuratzeko edo esperientzia berri bat abiatzeko”.

Euskararen normalizazioan eredugarri


Administrazioari euskararen normalizazioan eredugarri izatea dagokio, eta horretarako langileen eta ordezkarien parte hartze aktiboa nahitaezkoa da. Udalak Euskaraldia tresna garrantzitsua deritzo hurrengo ekintzetarako:
  • Eguneroko lan harremanetarako
  • Lan hizkuntzan aurrera pausuak emateko
  • Proba bat
  • Erronka bat, banakakoa zein kolektiboa

Atzera kontua martxan da, izan ere azaroaren 20an hasiko baita ariketa soziala. Jon Insaustik donostiar guztiak gonbidatu nahi ditu hamabost egunez ahobizi edo belarriprest izatera etxean, kalean, lanean euskararen aldeko hautua egin dezaten. “Gauden lekuan gaudela, dela modu birtualean edo aurrez aurre, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko unea da” nabarmendu du zinegotziak.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/11/09-an argitaratua