Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik

Donostiako euskaltegi eta zentro homologatuetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2023-2024 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailetik aurrera hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.

Jon Insaustik adierazi du kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, “eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.

Eskaintza zabala eta behar guztietara egokitua


Ikastaro eskaintza zabala dute euskaltegi eta zentro homologatuek. Alde batetik, ikasturte osoan zehar ematen diren euskara ikastaro arruntak eskaintzen dituzte edozein herritarren beharretara egokitzen diren ordutegiekin: astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroetatik hasi eta eguneko 3 eta 5 orduko ikastaro intentsiboetaraino.

Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen jarraituko dute euskaltegiek. Online ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza-saio.

Ikastaro horiez gain, azpimarratzekoak dira xede berezia duten taldeentzako egokitutako ikastaroak. Talde desberdinen behar komunikatiboetara egokitutako ikastaroak dira hauek eta euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dituzte:
    • Merkatari eta ostalarientzako euskara ikastaroak
    • Langabeentzako euskara ikastaroak
    • 16-18 urteko gazteei zuzendutako ikastaroak
    • Gurasoentzako euskara ikastaroak
    • Erretiratuentzako euskara ikastaroak
    • Etorkinentzako euskara ikastaroak, AISA ikastaroak

2023-2024 ikasturterako dirulaguntzak eskatzeko epea eta baldintzak


2023-2024 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro horietarako dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 1ean zabalduko du eta ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik hilabeteko epea izango dute dirulaguntza eskatu ahal izateko.

Dirulaguntza eskaera online egiteko aukera izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan. Eta, era berean, Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinforen bulegoetan (Easo, Arroka, Morlans eta Altza) ere eskatu ahal izango da.

Aurrez-aurreko ikastaroez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ere ikastaroa hasten denetik 30 eguneko epean egin beharko da.

Dirulaguntza eskatzeko baldintzak ondokoak dira:
    • Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea.

Dirulaguntza jasotzeko, berriz, baldintza hauek bete beharko dira:
    • Euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatzea
    • Eskabidea beteta ezarritako epean aurkeztea
    • Ikasturte amaieran, gutxienez, azpi-maila bat gainditzea
    • %75eko asistentzia egiaztatzea

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait dirulaguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten dirulaguntza jaso arren (lan egiten duen enpresa, esate baterako), Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza ere eskatu ahal izango du, eta baita HABErena ere, betiere gainfinantzaketa ez dela izango ziurtatuta.

Euskara Zerbitzuak 401.449 € bideratuko ditu dirulaguntzetara


Aurrekontuari dagokionez, 2023-2024 ikasturteko ikastaro arruntetarako 291.249 € bideratuko dira euskara ikasteko dirulaguntzetarako (270.860 neguko ikastaroak diruz laguntzeko, eta 20.389 euro udako ikastaroetan aritu diren herritarrak laguntzeko). 2023-2024 ikasturterako dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 1ean hasiko da.

Horrez gain, 41.800 euro bideratuko dira langabetuen ikastaroak antolatzeko. Ikastaro hauek 120 ordukoak dira eta %100ean laguntzen dira diruz, hau da, langabetuari dohainik ateratzen zaizkio.

Azkenik, 68.400 euro bideratzen ditu Udalak xede bereziko ikastaroak diruz laguntzeko. Ikastaro hauek 60 ordukoak dira eta ikasleak 60 € ordaintzen ditu, 16-18 urte artekoen kasuan izan ezik, ikasle horientzat doan izaten baita.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/09/04-an argitaratua