Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiak 3 film eskaintzen ditu haur eta gazteentzat

Dagoeneko ikastetxeen izen-emateko epea zabalik dago.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Terra Willy, Asto Erregea eta Vitoria, 3 de marzo dira Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian goizeko saioetan proiektatuko diren filmak.

Dagoeneko ikastetxeen izen-emateko epea zabalik dago.

Elkartasuna, ingurumenarekiko errespetua, parte-hartze soziala, demokrazia eta Gasteizen 1976ko martxoaren 3an izandako karga polizial baten ondorioz bost langileren heriotza izango dira filmen gai nagusiak. Zinemaldia Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute.

Aurreko urteetan bezala, pelikulekin batera ikasgelan lantzeko gida didaktikoak egongo dira. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.

Iazko saioetara 3.800 ikasle inguruk parte hartu zuten.

Filmak goizeko 10:00etan ikusi ahal izango dira Antzoki Zaharrean edo Victoria Eugenia Antzokian eta prezioa ikasle bakoitzeko euro 1ekoa izango da.

Honakoa da proiekzioen egutegia:

Terra Willy (90 min.) Euskaraz
Adina: 6-9 urte
Noiz: Apirilaren 21, 22 eta 23an, 10:00etan
Non: Antzoki Zaharrean
Sinopsia: Willy bere gurasoekin misio espazial batean bidaiatzen ari denean, bera doan espazio-ontziaren hegala suntsitzen da. Bat-batean bere aita eta amarengandik urrutiratzen da eta bere kapsula esploratu gabeko planeta basati batean lurreratzen da. Buck biziraupen-robotaren laguntzarekin, Willy bere burua babesten saiatzen da, norbaitek erreskatatu zain. Willy-k eta Buck-ek, Flash izena duen lagun estralurtar berri batekin batera, arrisku anitzei aurre egin behar diete, planetaren flora eta fauna ezagutzen duten bitartean.

Asto Erregea (99 min.) Euskaraz
Adina: 9-12 urte
Noiz: Apirilaren 27, 28 eta 29an, 10:00etan
Non: Antzoki Zaharrean
Sinopsia: Lehoi Erregeak, oihaneko erregeak, erretiroa hartzea erabaki du eta bere ondorengoari sinesgarritasuna emateko, bere kontseilaria den Miss Finak eta berak hauteskundeetarako deia egitea erabaki dute. Manguk, garbitzailea den asto zoriontsu eta umil batek, ustekabean hautagai popularra izaten amaituko du. Lehoi erregearen “legezko” oinordekoari aurre egin beharko dio, bere hautagaitza Miss Finaren plan makabro baten barnean dagoela jakin gabe. Tronuaren kontrolpea izateko, Miss Finaren helburua hautagai berria bere agindupean egotea izango da, Lehoi Erregea tronutik kenduz eta bere semea ondorengoa izan ez dadila.

Vitoria, 3 de marzo (90 min.) Gaztelaniaz
Adina: 13 urtetik gora
Noiz: Apirilaren 24an 10:00etan
Non: Victoria Eugenia Antzokian

Sinopsia: Hainbat hilabetez lan baldintza duinak eskatzeko greban egon ostean, langileriak lanuzte orokorrera deitu du Gasteizen. 1976ko martxoaren 3an, Zaramaga langile auzoko eliza batean milaka langile batzartuko dira. Kanpoaldean pertsona ugari bilduko dira eta haien aurrean polizia armatuko ehun bat agente kokatuko dira. Poliziaren esku, bost langile hilko dira eta ehundik gora zauritu. Begoñak, klase ertaineko neska gazte batek, lehen pertsonan biziko ditu gertakari hunkigarri horiek.



2020/02/06-an argitaratua