San Martin eta Zubieta kaleen noranzkoa aldatuko da urte amaieran

Proiektuak 1.282.096 euroko aurrekontua du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Donostiako San Martin eta Zubieta kaleetako zirkulazioaren noranzkoa aldatzeko proiektua, Plazuela Ingeniería SL enpresak idatzia. Proiektuak 1.282.096 euroko aurrekontua eta 6 hilabeteko epea ditu.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “hiriaren etorkizuneko mugikortasunari begira eratzen ari garen puzzlearen beste pieza bat da hau. Oinezkoentzat eta bizikletarentzat askoz atseginagoa den Donostiarantz goaz, eta hau engranaje horretarako funtsezko mugimendua da”.

Hurrengo obra hauek aurreikusten dira:
  • La Perla inguruan bidegorria aldatzea eta San Martin, Zubieta, Arrasate, Blas Lezo eta Triunfo kaleetan zirkulazioaren norabideak aldatzea.
  • Beste bidegorri bat jarriko da San Martin kalean, Kontxa pasealekuko bidegorriranzko zeharkako lotune batekin, Triunfo kalean, Zaragoza plazan eta Mirafloresko Markesan barna, eta San Bartolome eta Manterola kaleen arteko lotura kenduko da.
  • Easo kaleko bidegorria ere luzatu egingo da, San Bartolome eta San Martin kaleen artean.

Noranzkoa aldatzeko, Kontxa pasealekua, Zubieta zein San Martin kaleen arteko lotura aldatu eta haien arteko bidegurutzea sortuko da, “X” forman. Aldaketak jasango dituzten kaleen izkinak ere aldatu egingo dira, zirkulazioaren noranzko berrietara egokitzeko eta haietan biraketak errazteko. Kontxa pasealekuko, Zubietako eta San Martin kaleetako bidegurutzearen “X”an obrak egiteko, noranzko bakoitzean errei libre bat utziko da.

Eremu horretako trafikoa berrantolatzeko lanak direla eta, Añarbe ibaiaren urtegiko Uren Udal Mankomunitateak obrak egin nahi ditu berrantolaketa horrek eragindako eremuko saneamenduan, Antiguotik datozen emariak zuzenean Santa Katalinako HUPEan (Hondakin Urak Ponpatzeko Estazioa) sar daitezen, Donostiako erdialdeko saneamendutik igaro gabe.

Kontxako Bidegorria

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Kontxako pasealekuan bidegorri bat egiteko proiektuaren hirugarren fasearen 2. eguneratzea. Aurrekontua 888.830 eurokoa da eta 8 hilabeteko epea du egiteko.

Igeldo Toki Entitate Txikia

Tokiko Gobernu Batzordeak Igeldoko Toki Entitate Txikia eratzeko prozedura hasteko proposamena onartu du, baita Lan Talde aholku-emaile bat eratzea ere, udal talde politiko guztiekin eta Herri Kontseiluarekin adostutako moduan.

11 pertsonako talde hau osatuko dute:
  • Donostiako Udalean ordezkaritza duen alderdi politiko bakoitzeko ordezkari batek,
  • eskualdeko 5 ordezkarik,
  • alkateak, lehendakaria izango dena, orain arte egindako lanari jarraipena emateko eta prozesu osoan Udalarekin parte hartu eta lan egin ahal izateko.

Amarako Haurtxokoa eta Gaztelekua

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Anoeta Kiroldegiak ekialdeko tribunara sartzeko zokaloaren azpian, Anoeta estadioaren alderik iparraldekoenean, dagoen 578 metro karratuko espazioa Donostiako Udalari lagatzea, Haurtxoko eta Gaztelekuko jardueretarako soilik. Lagapenaren prezioa hilean 958 eurokoa izango da eta hogei urteko epea izango du. Bost urteko bi epetarako luzatu ahalko da, gehienez ere hogeita hamar urterako.

Airearen kalitatearen plan klimatikoa

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du GRUPO DE ESTUDIOS Y ALTERNATIVA 21, SL enpresari esleitzea Airearen Kalitatearen Plan Klimatikoa egiteko zerbitzua emateko kontratua, udalerrian Emisio Gutxiko Eremuak martxan jartzeko diseinua eta plangintza barne hartuko dituena. Kontratua burutzeko epea 9 hilabetekoa da eta prezioa 30.000 eurokoa.

Alaialde

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Alaialdeko egongunearen proiektuari dagozkion obrak egiteko kontratazio espedientea. Hasierako aurrekontua 102.894 eurokoa da eta obrak egiteko epea 5 hilabetekoa.

Talent House II

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du ALDAPETA BERRI SL enpresari lizentzia ematea San Bartolome Gainan 76 apartamentu eta garajeak izango dituen eraikin bat eraikitzeko (Talent House II). Obrak bukatzeko epea bi urtekoa da.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/05/04-an argitaratua