Udalak herritarren eskura jarri du mendekotasun teknologikoak prebenitzeko plataforma bat

Adikzio arriskuak lantzeko materiala eskainiko zaie hezitzaile, gazte eta gurasoei

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Mendekotasun teknologikoak prebenitu ahal izateko plataforma herritarren eskura jarri du Donostiako Udalak. Webguneak guraso, irakasle eta ikasleentzako erremintak, ariketak, hezkuntza-pilulak eta hainbat baliabide eskainiko ditu. Plataforma hau “Donostiako Mendekotasunen Kontrolerako Plana 2017-2020” ren barruan kokatzen da.

Plan honen berrikuntzetako bat teknologiekiko mendekotasunen trataera da. Udala, plan honen bitartez, arreta berezia jartzen ari da teknologia berrien mendekotasunean, ikastetxeetan irakasleei, ikasleei eta profesionalei formakuntza lanak eskaintzen jarraituz eta baita online tresna hau hobetu eta eguneratuz ere.

Iaz jarri zen martxan plataforma hau, baina itxia zen eta bakarrik irakasleen eskura zegoen. Oraingoa, berriz, edozein herritarrek erabil dezake, nahiz eta, batez ere, gurasoei, hezitzaileei eta nerabe eta gazteei zuzentzen zaien.

Gizarte Ekintzako zinegotzi den Aitziber San Romanek nabarmendu nahi izan du prebentzioak duen garrantzia edozein mendekotasunaren aurrean. Eta azpimarratu duenez “arrisku hauen aurrean Udalak heziketa sustatzeko beharra ikusi du eta plataforma denon eskura jarri Interneten dauden arriskuak prebenitzeko eta haietatik babesteko”

Era berean azpimarratu du beste Udal Sailekin batera arlo honetan egiten ari den lana "Konplizitateak bilatzen eta batez ere lantzen ari gara, eta dagoeneko oso estu ari gara Gazteria sailarekin lanean, baina baita Berdintasuna, Jaiak eta, nola ez, Udaltzaingoarekin ere".

San Romanek adierazi duenez “web orri hau ez da estatikoa izango, material berriak gaineratuko baitzaizkio eta laster izango du aholkularitza zerbitzua”.

Udalak, plataforma ireki hau martxan jartzeaz gain, orain arte landu diren kanpainak egiten jarraituko da: besteak beste, drogak eta alkohol prebentzioa; gazte lokaletan mendekotasunekin lotutako gaiei buruzko informazio, prestakuntza eta aholkularitza programak; eta substantziak edukitzeagatik edo kontsumitzeagatik adingabeei zehaztapenak jartzea ez diren beste neurri batzuk argitzeko kanpainak.

Interneteko arriskuen aurkako prebentzio plataforma
ies.donostia.eus


Plataforma honetan adingabekoen heziketarako gako garrantzitsu izan daitezkeen baliabide eta edukiak topa daitezke:

- Sare Sozialen eta Interneten erabileraren inguruko informazioa. Erabilera arduratsua bideratzeko laguntza estrategiak.

- IKT eta Sare sozialen erabilerarekin lotura duten babes faktoreak indartzeko eta arrisku faktoreak gutxitzeko informazioa.

- IKTen erabilerak ekar ditzaketen arazoak (ziberbullynga, groominga, sextinga, ziberdelituak, etab).

- IKT-en inguruko terminologia hiztegia.

- Ikastetxe eremuan erabiltzeko ariketak.

- Pribatutasuna eta nortasun digitala kudeatzen ikasteko eskuliburuak.

2018/03/21-an argitaratua