Udalak abian jarri du Ikasketa plaza berritzeko tramitazioa

Obren lizitazioak 704.339 euroko aurrekontua eta urtebeteko epea ditu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Amara auzoko Ikasketa plaza berrurbanizatzeko proiektua kontratatzeko espedientea onartu du. 12 hilabeteko epean gauzatu beharko da eta 704.339 euroko aurrekontua izango du.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, “lan hauen helburua espazio handi hori birsortzea da, eguneroko okupazioa eta erabilera handitzeko. Esku-hartze hau bizilagunen eskaera historikoa da gainera”.

Plaza hainbat mailatan banatuta dago; beraz, lan horiei esker, harmailadi bat egingo da erdiko uhartearen inguruan, hesi fisikoak nahiz ikusizkoak kentzeko, eta goiko plataformaraino iristeko moduko ibilbide bat egingo da, bi arrapalen bidez. Goialdean, haurrentzako jolastokia egongo da, eta elementu eskultoriko bat izango du, haurren jolasgune nagusi gisa.

Honetaz gain:
  • Garajerako sarbideak eraberrituko dira,
  • plazari lorategiak eta aireztapen tximiniak ezkutatzeko bereziki diseinatutako altzariak jarriko zaizkio,
  • argiztapen egokia bermatuko duten luminaria berriak jarriko dira.

Altzako kiroldegiko igerilekuak


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Altzako kiroldegiko kanpoko igerilekuak egokitzeko proiektuko obrak kontratatzeko espedientea. Obra horiek 2.293.201 euroko aurrekontua eta 8 hilabeteko epea dute.

Proiektuak kanpoko igerilekuak eraikinetik urrunago dagoen leku batean kokatzea aurreikusten du, hala solariumaren erabiltzaileak nola igerilekuak berak hegoalderantz begira dezaten, orientazioa eta bistak lehenetsiz. Igerilekua diametro desberdineko bi gune zirkularretan banatu da, eta sakonera txikiagoa eman zaio diametro txikienekoari.

Jolastokietako igogailua


Tokiko Gobernu Batzordeakonartu du Jolastokietan igogailu bertikal bat jartzeko proiektua, Altza auzoko Txirrita Bertsolariaren pasealekuaren eta Larratxo pasealekuaren artean, 458.063 euroko aurrekontuarekin.

Proiektuaren helburua da Jolastokieta inguruan bizi diren pertsonen irisgarritasuna hobetzea, Herrera aldeko etxebizitzen eta Altza auzoko goiko aldearen arteko zuzeneko komunikazioa hobetuz. Gaur egun, eskailera luze bat besterik ez du, 65 maila inguru dituena.

Patruila-auto elektrikoak


Tokiko Gobernu Batzordeak UNIQE EXECUTIVE COACHES SL-ri esleitu dio Udaltzaingoari lau patruila-auto elektrikoak renting sistemaren bidez hornitzeko kontratua. Patruila-auto berriek %100 elektrikoa den erregaia (0 igorpeneko motorra) izango dute, kargatze-sistema barne, eta 300 km-ko gutxieneko autonomia.

Kontratuaren urteko prezioa 48.554 eurokoa da lau ibilgailuentzat, eta 4 urteko iraupena, ibilgailuak entregatzen direnetik kontatzen hasita. Urtebete luzatzeko aukera dago (luzapeneko urteko prezioak %40ko deskontua izango du aurreko prezioaren gainean).

Zoladura


Tokiko Gobernu Batzordeak hirugarren aldaketa onartu du hiriko kale eta bideetako zoladurak konpondu, berritu eta mantentzeko zerbitzuen kontratuan, eta bertan Santa Klara uharteko bide nagusia berreraiki eta osorik konpontzea sartu da, 178.159 eurotan.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/03/23-an argitaratua