Zibersegurtasun Industrialeko ZIUR Zentroak Donostian duen egoitza inauguratu du

Lurraldeko industria ehunaren lehiakortasuna segurtatzea du xede

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak Donostian izango duen egoitza zabaldu dute gaur, helburu argi batekin: ziber-erasoen prebentziorako Gipuzkoako industriaren aliatu “estrategiko” bilakatzea, horrela gure enpresen lehiakortasun segurtatu ahal izateko.

Instalazioak Zuatzuko enpresa parkearen Urola eraikinean kokatuta daude eta, bertan, beti ere bikaintasuna eta ekonomia-ehunarekin kolaborazioa oinarri hartuta, ezagutza aurreratua sortu eta Gipuzkoa zibersegurtasun industrialean Europa mailako erreferentzia bilakatu dadin lan egingo dute.

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Donostiako alkatea, Eneko Goia, buru izan ditu –haiek dira ZIUR Fundazioa osatzen duten erakundeetako ordezkari nagusi– gaur goizean irekiera ekitaldiak, non zentroko zuzendari Carlos Abadek azaldu dituen ZIURek jorratuko dituen lan ildo nagusiak.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, ZIURek ekarriko duen “jauzi kualitatiboan” jarri du azpimarra, bere esanetan enpresa eta ekonomia ehunaren “sendotasuna areagotzea” ekarriko baitu, kontuan izanda “komunikazioen segurtasuna hil ala biziko gaia” dela enpresen lehiakortasuna bermatzeko orduan.

Aldi berean, hiriko alkatearen iritziz, azpiegitura berri honek Donostiaren “posizionamendua” indartu egiten du “ezagutza aurreratuari lotutako hiri” eta “lurralde osorako zerbitzu gune” gisa.

Instalazio aurreratuak


ZIURen egoitzak 250 metro karratuko espazioa hartuko du. Instalazio aurreratuenekin ekipatu dute, zibersegurtasun industrialeko zentroak izango dituen bi ekintza lerro nagusiei erantzun ahal izateko: hau da, ezagutza sortzea eta, ondoren, jakintza hori enpresa ehunean zabaltzea.

Instalazio hauen diseinu eta atontzeak milioi bateko inbertsioa eragin du 2018 eta 2019an. Zifra horri gehitu behar zaie laborategiko ekipamenduetarako erabiliko diren 500.000 euro gehiago. Aipatzekoa da laborategiaren ezaugarriak eta teknologia lurraldeko enpresekin elkarlanean definitu direla.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/11/15-an argitaratua