EAEAN-ek Donostiako Etxebizitza Turistikoen Ordenantza bertan behera utzi du

Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu du araudi hori ez dela inoiz judizialki zalantzan jarri

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) Donostiako Udaleko Erabilera Turistikoko Etxebizitzak Arautzen duen Ordenantza bertan behera utzi du.
 
EAEAN-ko Administrazio Auzien sailaren bigarren salak aintzat hartu du Asociacion Anfitriones Basque Country Hosts elkartearen helegitea. Eta bertan, elkarte honek eskatzen zuen Donostiako Udalak 2018ko martxoaren 1ean onartutako erabilera turistikoko etxebizitzak arautzen dituen ordenantza bertan behera uzteko.
 
Epaitegiak baliogabetzen du Donostiako 2010eko Hiri-Antolaketarako Plan Orokorraren 8.4 artikuluaren azkeneko paragrafoa. Bertan honakoa adierazten da: “Aurreko 5. artikuluan aipatutako udal-ordenantzek sistematizazio eta arautze hori berregokitu eta osatu ahal izango dute, betiere horrek hirigintza-erabilerak arautzeko erregimena argiago eta zehatzago azaltzen laguntzen badu”.
 
Ondorioz, EAEAN-k baliogabetzen du, 2018ko martxoaren 1ean adostutako Erabilera Turistikoko Etxebizitzak Arautzen duen Ordenantzaren behin betiko onarpena.
 

Balorazioa 


Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi du, epaia ez dela irmoa eta, beraz, Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea egin daitekeela. Horren harian, Goiak esan du, Udalaren zerbitzu juridikoek helegitea prestatuko dutela,eta helburua da, Plan Orokorrak ordezkatzen duen Udalaren oinarrizko plangintza defendatzea. Izan ere, hori da, hain justu ere, epaiak zalantzan jartzen duena.
 
Beraz, epaia irmoa ez den bitartean, erabilera turistikoko etxebizitzen ordenantzak indarrean jarraituko du, eta gainera, epaiak ez du behartzen egun dauden etxebizitza turistikoei buruz inongo erabaki administratiboa hartzera.
 
Era berean, Goiak azpimarratu du, epaiak duela urte dezente indarrean zegoen araudia bertan behera uzten duela, eta araudi hori ez dela inoiz judizialki zalantzan jarri, eta are gehiago, maila txikiagoko araudiak garatzeko balio izan duela.
 
Alkateak, halaber, honakoa esan du: “Udalak denbora bat darama lanean Plan Orokorraren arau urbanistikoen aldaketa egiteko tramitazioan, hainbat Epaitegiek esandako zenbait aspektu sartzeko, betiere plangintza berria juridikoki sendoagoa izateko”. Eta honakoa gaineratu du: “Udal gobernuak hurrengo hilabeteetan onartu nahi du Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren arauen aldaketa, behin betiko onarpena lehenbailehen egin ahal izateko”.

2020/01/16-an argitaratua