Sarrueta pasealeku berria irekita

Martutene Kursaalarekin lotzen duen oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealeku batekin

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Sarruetako pasealekua, Martuteneko zubiaren eta Lugañeneko zubiaren artean, ireki da gaur oinezkoentzat eta bizikletentzat, baita Martuteneko norabidean joateko ibilgailuentzat ere. Halaber, Apostolutzako ertzean sortutako oinezkoentzako bidea ere ireki da.

Ia hiru urte igaro dira Uraren Euskal Agentzia – URA-k Martutenen ibaiaren ur-goraldien ondorioz uholde arriskua ekiditeko Urumearen ubidea zabaltzeko bigarren fasearen lanak egiteari ekin zionetik.

Bigarren fase honek 500metroko zatiari eragiten zion Martutene eta Lugañene (27.industrialdearen sarrera) zubien artean. Eremua guztiz eraldatu da eta Martutene auzotik El Pilar-eraino doan pasealekuaren luzapena da (lanetako lehenengo fasean 850 metroko pasealekua sortu zen Martuteneko zubi berritik gora), eta Txomineneara doan bidearekin lotura egiten du, Kursaal zubiraino doan 6 kilometrotako ibilbidea osatuz.

7 urtetako lanak eta 35 milioi eurotako inbertsioa


Pasealeku berriaren irekierak Martutenen Urumearen ubidea zabaltzeko proiektuaren bi faseei amaiera ematen dio. Erakundeek 35 milioi eurotako inbertsioa egin dute proiektuan eta lanak 7 urtez luzatu dira.

Donostiako alkate Eneko Goiak esan du, sortutako gune berri honek Martutenen dauden aisialdirako guneak handitzen dituela, eta era berean, auzoaren eta 27.industrialdeearen eta Txominenearen arteko oinezkoen zein bizikleten lotura hobetzen du. Horiek horrela, Goiak honakoa gaineratu du: “Donostiar guztion gozamenerako gunea berreskuratzea lortu da, eta horri esker, Donostiako Urumea ibaiaren ibar osoan paseatzeko aukera dugu, Martutenen hasi eta Kursaaleraino”.

Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Inguruemeneko sailburu Arantxa Tapiak segidakoa azpimarratu du: “Urumean uholdeei aurre egiteko defentsak Euskal Autonomia Erkidegoan egin direnen artean gertatu daitezkeen kalte gehien gutxitu dituena da egindako inbertsioa ikusita. Egun Martuteneko auzotarrak Urumea ibaiaren ur-goraldiengatik babestuta daude. Eta era berean, Donostiako hiri-bilbea eta auzoen arteko lotura nabarmen hobetu da, sortutako gune honi esker”.

2022/05/14-an argitaratua