Donostiak bat egiten du “sahiestu daitekeena sahiesteko”

#Badago zer saihestu!” kanpainaren making off bideoa argitaratu berri da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Gaur argitaratu da “#Badago zer saihestu!” kanpainaren making off bideoa. Hala, ikus-entzunezko honek emango dio amaiera sentsibilizazio kanpainaren ekintzei hauen laburpen bisuala jasoaz. Hirian berriki martxan jarri den “#Badago zer saihestu!” sentsibilizazio kanpainak bere jatorria du pasa den apirilean Donostia Lagunkoiak eta Udaleko Mugikortasun Sailak sustatutako “Zerk arduratzen gaitu hirian zehar mugitzen garenean?” tailerretan. Mugikortasun segurua garatzeko ardatzak aztertu ziren jardunaldi horietan, eta bertan ezarri ziren Mugikortasun Seguruaren alde martxan jarri den kanpainaren oinarriak. Azken egunotan, kanpaina honen hainbat ekintza egin dira hiriko puntu estrategikotan.

Adineko pertsonen elkarte, zaharren egoitz eta +55 programaren 50 kide baino gehiagok izan dira kanpainaren euskarri eta informazioa banatzearen arduradunak.

Herritarrei ekarpena

Adineko pertsonek hirian zehar ibiltzerakoan izan ohi dituzten kezka eta ardurak izan ziren pasa den apirilean egin ziren tailerretan abiapuntu. Ospatutako 2 jardunaldietan parte hartu zuten adineko pertsonek euren kezkak helarazteaz gain, zenbaitetan euren zuhurtziagabekeriek ere istripu eta istiluak eragiten dituztela onartu zuten.

Tailerretan parte hartu zuten pertsonen helburua herritarrei euren ekarpena egitea eta Donostian mugikortasun seguru baten alde lan egitea izan zen.

Salbamendu mapa, loreak eta 11.000 isun

Azken egunotan Donostiako kaleetan ikusi dugun kanpainaren berri emateko arduradunak adineko pertsona talde bat izan da, modu boluntarioan banatu baitituzte loreak, eta oinezkoentzat, gidarientzat eta txirrindularientzat aholkuak. Kanpainan zehar hainbat ekintza burutu dira. Horien artean aipagarriak dira 2016an ibilgailuek harrapaketa gehien izandako 31 gune seinaleztatzeko itsasgarriak; “Badago zer saihestu!” lelopean editatutako mapa, non harrapatzeak gertatu ziren 31 guneak seinaleztatzeaz gain, oinezkoentzat, gidarientzat eta txirrindularientzat aholkuak eskaintzen diren; informazioa eta aholkuak jasotzen dituen kubo ibiltaria, eta arauak hausten dituzten pertsonei zuzendutako mezudun loreak.

Uztailaren 18 eta 19an fikiziozko 11.000 isun banatu ziren hiriko auzo ezberdinetan aparkatutako autoetan. Isun hauetan 2016 urtean gertatutako 123 harrapatzeak aipatzen ziren eta nola hauen %32a adineko pertsonei egin ziren, gertatutako %90a motor-ibilgailuekin izanik.

Honetaz gain, gero sare sozialetan hedapen baikorra izan duten bost bideo egin dira. Hauetako hiruk oinezko (bideoa) , txirrindulari eta gidarientzat aholku zehatzekin; beste bat oinezkoak errepidea gorriz ez gurutzatzeko egindako loreen kanpainari buruz (bideoa) . Azkenik, kanpainaren ekintzak jasotzen dituen making off-a argitaratu berri da.

Kanpainaren lan ildoak eta kaleetan zehar zabaldu diren aholku eta informazioa www.salbamendudonostia.eus webgunean jaso dira.

2017/07/27-an argitaratua