2.700 gaztek parte hartuko dute Udalak euskara sustatzeko antolaturiko egitasmoetan

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren VI. jardunaldiak egingo dira abenduaren 9 eta 10ean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Gaur egungo donostiar gazte gehienek euskara dakiten arren, eduki digitalen kontsumo gehiena gaztelaniaz edo ingelesez egiten dute. Horri aurre egiten laguntzeko antolatzen ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak Xare Euskarazko Kultura Digitalaren VI. jardunaldiak Donostiako DBH 4 eta Batxilergoko lehen mailako ikasleentzat. Jardunaldiak egingo dira abenduaren 9an eta 10ean EHUren Gipuzkoako Campusean (Ibaetan). DBH4 eta Batxilergoko 1. mailako 550 ikaslek hartuko dute parte.

Xarek helburu bikoitza du:
  • informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan euskararen erabilera sustatzea
  • euskarazko kultura digitala ezagutaraztea

Ikasleek goiz osoa emango dute 3 gune nagusitan banatuta:
  • IKAS gunea
  • ERA gunea
  • JOLAS gunea

Egitarau praktiko, dinamiko eta erakargarria izango dute:
  • 8 lantegi izango dituzte lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko
  • 2 hitzaldi interaktibo arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko
  • Egunean Behin eta Zainduz Saretu ihes - jokoan jokatzeko aukera

Ikastetxeetako Euskara Batzordeak, euskara indartzea xede duten gazteez osatuta

Gaur egungo donostiar gazte gehienek euskara erabiltzeko gaitasuna duten arren, joera handia dute gaztelaniaz hitz egiteko. Egoera honi aurre egin eta euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz ikasleez osaturiko euskara batzordeak eratzen dituzte zenbait ikastetxetan. Gazte horiek ikasturtean zehar hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta euskararekiko sentiberatasuna sustatzeko hainbat ekintza egiten dituzte eskolaren eremuan. 14-17 urte bitarteko gazte horiei abenduaren 12an antolatuko den topaketak motibazio bera duten beste zenbait gazte ezagutzeko eta ekimen bateratuak antolatzeko aukera emango die.

Topaketan honako ikastetxe hauek parte hartuko dute:
  • Aldapeta Maria
  • Altza BHI
  • Antigua-Luberri BHI
  • Arantzazuko Ama BHI
  • Ekintza
  • Lauaizeta BHI
  • La Asuncion
  • San Luis La Salle
  • Usandizaga BHI
  • Zurriola

Euskara Batzorde dinamiko eta jendetsuak osatu dira aurtengo ikasturtean aipatu ikastetxeetan. Tabakaleran batzorde horietako ordezkari batzuk bilduko dira, 130 bat lagun guztira. Topaketa hori elkar ezagutzeko, dinamikak partekatzeko eta euskara sustatzeko interesa dutenen arteko harremanak sendotzeko balio du.

Aurtengo ikasturtean elkarlanerako urrats bat gehiago egin dute euskara batzordeek: Tabakalerako topaketa baino lehenago euskarazko musika zerrendak osatzen aritu dira. Topaketaren ondoren, urtarriletik martxora, Korrikarekin lotura duten ihes jokoak prestatuko dituzte, Korrikaren 24. edizioa 2026ko martxoaren 19tik 29ra izango baita.

Gazteak Antzerkira ekimena gazteek antzerkiarekin zaletzea du helburu

Udaleko Euskara Zerbitzuak gazteak antzerkiarekin zaletzeko asmoz antolatzen du “Gazteak Antzerkira" programa.

“Romeo eta Julieta” antzezlana
  • abenduaren 16tik 18ra
  • DBH 3 – 4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako 2.000 ikasle
  • Antzoki Zaharrean

Donostian euskarazko antzerki eskaintza zabala da eta antzerkira joateko ohitura gazteetatik sustatzea garrantzitsua da. Antzerkiak irudimena eta pentsamendu sortzailea lantzeko tresna baliagarria izateaz gain, galderak egiteko eta hausnartzeko ere bide ematen du. Horrekin batera, antzerkiak bizitza digitaletik kanpo harremanak izan eta aisialdiaz gozatzeko aukera ematen die gazteei.

2025/12/05-an argitaratua