500 hitz Donostia munduari erakusteko #DonostiaHitzetan

Parte hartzeko epea maiatzaren 17an amaitzen da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

500 donostiar inguruk hartu dute parte #DonostiaHitzetan / A City Word Visiting kanpainan. Ekimenaren asmoa da hiria munduari beste ikuspegi batetik erakustea: donostiarrentzat esanahi berezia duten hitzen bidez bidaiatuz, hiriaren bereizgarritasun nagusia, euskara, eta nortasun propioa indartuz. Donostia Turismoak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatu dute kanpaina hau.

Turismoko zinegotziak, Cristina Lagé-k, honakoa adierazi du: “euskaraz hitz berezi asko ditugu gure kulturaz nahiz gure izateko moduaz hitz egiten dutenak. Gure hiria beste modu batera erakusteko balio diguten hitzak dira, eta gainera, ohiko gida turistikoetan erakustea zaila den errealitatea jartzen dute agerian. Maitasuna, goxo, xarma, bizipoza, askatasuna, bizilagun, eskuzabal, harremana, lilura, kresala, kuttuna, laztana, patxada, herrimina, zerumuga, argi-zirrinta, xirimiri, osasuna… dira donostiarrek proposatutako hitzetako batzuk, hiriaren argazki ederrekin batera”

Maiatzaren 17ra arte parte hartu ahal izango da, euskarazko hitz kuttunena partekatuz argazki edo bideo batekin eta #DonostiaHitzetan traolarekin Twitterren, Facebooken edo Instagramen, edo WhatsAppez +34 607 187 462 zenbakira bidaliz. Irabazleen artean Narru jatetxean gosari eta dastatze-afaria eta Arbaso Hotelean premium logelan gaua zozkatuko da.


Orain arte jasotako argazkiak eta irudiak sare sozialetan ikus daitezke #DonostiaHitzetan traolarekin eta webgunean: sansebastianturismoa.eus/acitywordvisiting/eu.
Bigarren fase batean, donostiarren proposamenak nazioarteko publikoari zuzendutako kanpaina batean zabalduko dira.

2020/05/13-an argitaratua