Donostiako Alde Zaharra eta kaia Monumentu Multzo izendatuko dute

Espedienteak sei babes-maila ezartzen ditu, oinarrizkoenetik hasita eta babes maila berezira arte, San Bizente eta Santa Maria elizetarako onartuko dena.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hiriko Alde Zaharra eta kaia babesteko proiektua aurkeztu dute gaur, inguru hori Monumentu Multzo izendatzeko aukera emango duen espediente bat.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen Kultura Ondarearen zuzendaritzak Udalarekin elkarlanean landutako dokumentua datozen asteotan argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta hortik aurrera alegazio epean sartuko da. Arrazoibideak bideratutakoan, Eusko Jaurlaritzak formalki onartuko du babesa, dekretuaren bitartez.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak aurkeztu dute babes proposamena, Konstituzio plazako Udaletxe Zaharrean izandako prentsaurreko batean. “Oinarrizko ezaugarri batzuk mantentzen dituen multzo baten bihotza da gauden leku hau, eta ondarearen ikuspegitik babestu beharreko balio batzuk ditu inguru honek”, adierazi du alkateak.

Dokumentua laster gauzatuko den babesaren oinarria izango da, eta Alde Zaharraren balioak nabarmentzen ditu: “Arkitekturaren ikuspegitik, hirigintzarenetik eta historiaren ikuspuntutik multzo honek balio batzuk ditu. Kalearen trazan eta multzoaren homogeneotasunean islatzen da hori, eta azken ezaugarri honek balioa ematen die eraikinei, horietako batzuk banaka apalagoak izan ahal badira ere.

Eraikuntza bikainen kalitate arkitektonikoak, ikuskera neoklasikoa duen arkitektura erresidentzialaren diseinu harmoniatsuak eta 1813 baino lehenagoko eraikinek ere kontuan hartu beharreko balioak dituzte”. Zupiria sailburuak adierazi duenez, “Alde Zaharra kultura-ondasun bat da, bizipen batzuei loturiko bilakaera historiko bati eta babestu beharreko inguru fisiko bati loturikoa”.

Donostiako alkateak babes-proposamen hau onesteak duen garrantzia azpimarratu du: “Donostiako Alde Zaharrari merezi duen babes-maila ematen dion espedientea da. Alde Zaharra duela berrehun urte diseinatu zuen Pedro Manuel de Ugartemendia arkitektoak, eta dagoeneko badu bere esentzia, idiosinkrasia eta ezaugarri bereziak sendotuko dituen lege-babesa. Hori zen euskal kultura-ondarearen puzzlean falta zen pieza”.

2018/04/11-an argitaratua