Udalak protokolo bat diseinatu du haize bolada bortitzen aurrean jarduteko

100 Kilometro ordutik gora jarriko da martxan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Udalak “Haizeak” protokoloa diseinatu du haize bolada bortitzen aurrean erantzun koordinatu eta eraginkorra eman ahal izateko. Txosten honek orain arte hartu izan diren neurriak jasotzen ditu eta 100 Kilometro ordutik gora jarriko da martxan.

2015-2017 aldiko datuak aztertuta ondorioztatzen da, hiriak urtean batez beste 25 egunetan jasan dituela haize gogorrengatiko gertakarien ondorioak. 25 egun horietatik, gutxi gorabehera 23tan Abisu Horiak izan dira, eta 2tan, Alerta laranjak.

Haizeen gertakariengatiko abisuak ia urte osoan zehar banatzen dira, baina neguko hiru hilabeteetan (abendua, urtarrila eta otsaila) biltzen da haien kopururik handiena, gutxi gorabehera % 65a. Hilabete horietan zehar, haizeagatiko abisuek ipar-mendebaldeko norabidea izan dute eta denboralez, euriz eta ekaitzez lagunduta etorri dira.

Herri Babeseko zinegotzi Martín Ibabek azpimarratu duenez “orain arte hartzen ziren neurriak eraginkorrak baziren ere, protokolo hau beharrezkoa zen udal zerbitzu guztiak modu koordinatuan eta eraginkorragoan aritzeko”. Hori lortu ahal izateko, Babes Zibileko honako bost oinarrizko irizpide hauek aplikatu dira: aurrea hartzea, prebenitzea, antolatzea, berehalako erantzuna eta esku-hartzea, eta leheneratzea eta ebaluazioa” goraipatu du.

Ibabek azaldu duenez, “protokolo honek bermatu nahi du, besteak beste, pertsonen segurtasuna, eragin ditzakeen kalteak minimizatuz; hiriko ohiko jardueren funtzionamendua; eta komunikazio bideen ohiko funtzionamendua nahiz pertsonen zirkulazioa".

Zinegotziak aipatu duen beste helburuetako bat da, “batetik, kasu bakoitzean dagokion jarduteko prozedura definitzea, Donostiako pertsonei, ondasunei, ingurumenari eta kultur ondareari eragindako kalteak saihesteko eta/edo minimizatzeko eta, bestetik, haize zakarreko egoeretan esku hartzen duten zerbitzuen jardunak koordinatzea”.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/01/22-an argitaratua