Infernuaren Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa behin betiko onartuta

Aldaketa horri esker, eremua birsortu ahal izango da egungo hiri errealitatera egokitutako jarduketa berrirekin, eta 540 etxebizitza eraikiko dira, horien erdia babes publikoko etxebizitzak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udalbatzarrak behin betiko onarpena eman dio Infernuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketari. Aldaketa horren arrazoia da eremu osoaren hiri-birsorkuntza eta -birkualifikazioa behar dela, haren ondare eraikiaren eta urbanizatuaren ordezkapen osoaren bidez (egungo hornitegia eta kotzesionarioa izan ezik), eta, beraz, proiektatutako jarduketa berriak aurreikusi dira, egungo hiri-ingurunearen errealitatera egokituak.

Horiek horrela, hirigintza-eremu horretarako argi eta garbi berezitako bi eremu proposatzen dira. Alde batetik, erabilera tertziarioko eremua, Zuatzura eramaten duen Zubiberriko bidearekin lotuta, esparruaren hego-ekialdeko muturrean. Eta eremu horretara sartzeko biribilgune berria egingo da. Bestetik, bizitegi-eremua, erabilera tertziarioko gune berriaren eta egun dagoen kontsezionarioaren artean kokatutako lurretan. Bizitegi eremu honetan 540 etxebizitza aurreikusten dira, 270 babes publikokoak eta 270 etxebizitza libre.

Gainera, egun Tolosa hiribideko 188. zenbakian dagoen zerbitzugunearen eta ibilgailu kontzesionarioen lur-zatiak finkatu egiten dira.

Bestalde, aldaketak Añorgako ubidea leheneratzea eta balioztatzea aurreikusten du, baita errekari lagunduko dion parke lineal bat sortzea ere.

2021/03/25-an argitaratua