Online bidezko mintzapraktika saioak udan euskara maila urria duten haurrentzat

Amarako Katalin Erauso ikastetxeko ikasleekin esperientzia pilotua abian jarri da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, online bidezko mintzapraktika saioak antolatu ditu udan. Saio hauek euskara maila urria duten Katalin Erauso ikastetxeko haurrentzat izango dira. Izan ere, aurtengo pandemiak eragindako itxialdiaren ondorioz, familia erdalduneko haur asko euskara erabili gabe denbora asko daramate, eskoletan ikasi eta erabiltzen baitute gehienbat.

Mintzapraktika saioak aste honetan hasi dira eta uztailean izango dute segida. Abuztuan eten egingo dira eta irailean jarraituko dute eskolan “Haurrak Beti Jolasean” egitasmoa martxan jarri bitartean.

Lehen hezkuntzako (6-12 urte) ikasleentzat egindako eskaintza honetan, hiruzpalau haurrez osatutako hamar talde eratu dira. Talde bakoitzak astean ordu erdiko bi saio egingo ditu euskaraz eta elkarrizketa saio horiek hezitzaile batek gidatuko ditu. Esperientzia pilotu honetan eskarmentu handiko hezitzaileak kontratatu dira eta prestakuntza berezitua jaso dute mintzapraktika saioak eraginkorrak izan daitezen.

Jon Insausti Euskarako zinegotziak azaldu duenez “neguan zehar Haurrak Beti Jolasean egitasmoan aritu diren hainbat begirale aukeratu ditugu honetarako. Hezitzaile horiek euskaraz hitz egiteko ohitura sustatzen aritzen dira, eskola orduz kanpo urtean zehar, eta egokiak dira esperientzia berri honetarako”.

Doakoa eta ikastetxearekin elkarlanean



Udaleko Euskara Zerbitzuak Katalin Erauso ikastetxea aukeratu du egitasmo berria martxan jartzeko. Bertan, familia erdaldunen ehunekoa handia da, eta era berean, neurri txikiko eskola da. Oso aproposa egitasmo honetarako.

Jon Insaustiren esanetan, “eskolako arduradunek pozik hartu dute egitasmoa, premia handia dago eta, eta beraiek arduratu dira familiarekin hitz egin eta eskaintza egiteaz”. Familiek ere ondo hartu dute ekinbidea “40 haurrentzako eskaintza egin dugu eta bete egin da. Doakoa izateak lagundu du, noski” gaineratu du Euskarako zinegotziak.

Ekimena bukatu eta emaitzak jaso eta gero, Udaleko Euskara Zerbitzuak aztertuko du haurren erabilera sustatzeko indarrean dituen programak berregokitu edota erabilera sustatzeko online eskaintza areagotzea merezi ote duen.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/06/26-an argitaratua