Dbizi bizikletak alokatzeko sistema berriaren gaineko informazio guztia zure eskura

Eskuragarri dago jada sistema berriaren web orria, eta ireki da, halaber, Erabiltzailearen Arretarako Bulegoa

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Datozen asteetan jarriko da martxan Donostian bizikleta alokatzeko sistema berria, Dbizi. Gaur egun, estazio berriak jartzen ari dira hirian zehar, gaurtik aurrera eskuragarri dagoen webguneaz gain.

Webgune berean, sarearen kokalekuak ikusi ahal izango dira, aurreko sistema baino zabalagoa izango dena. Zehazki, honako ezaugarri hauek ditu:
  • 437 bizikleta
    • 120 elektrikoak dira
    • 317 mekanikoak
  • 46 estazio misto, bizikleta mekanikoak zein elektrikoak hartu eta uzteko aukera ematen dutenak

Bestalde, Dbiziko Erabiltzaileentzako Arreta Bulegoa ireki da (Zorroaga pasealekua, 23-25). Bulegoarekin harremanetan jartzeko, honako modu hauek erabil daitezke:
  • Presentziala astelehenetik ostiralera lanegunetan 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara
  • Telefonoz (943 060 888)
  • Sare sozialak
  • Emaila (info@dbizi.eus)
  • Whatsapp- Telegram (648 019 332)

Sisteman alta eman


Sistemarako izen-emateak abenduaren hasieran irekiko dira Dbiziren web orriaren, app-aren eta Dbiziren bulegoaren bidez. 2021eko urtarrilaren 6a baino lehen sistema berrian alta ematen duten sistemaren erabiltzaile ohiek (2020ko ekainean sistemari baja eman zitzaionean abonatuta zeuden pertsonek) % 50eko deskontua lortuko dute banakako ordainketa arruntean.

Deskontua lortzeko, kode bat jasoko dute posta elektronikoz, eta izena ematen dutenean deskontu hori lortuko dute. Bestalde, urtarrilaren 6a baino lehen erregistratzen diren erabiltzaile berriek %25eko deskontua izango dute banakako ordainketa arruntean.

Tarifak eta ordainketa sistema


Dbiziren ordainketa-sistema berriak kuota finko bat eta erabiltzeko denbora-tarteen araberako ordainketa ezartzen ditu. Kuota finkoa banakako edo taldekako ordainketa arruntari edo noizbehinkakoari dagokio, eta erabilera-tarteen araberako ordainketa, berriz, bizikleta maileguan hartzen den denborari dagokio, bizikleta mekanikoa edo elektrikoa erabiltzen bada, tarifa desberdina izango delarik.

Noizbehinkako ordainketa arruntaren barruan, deskontu batzuk ezartzen dira:
  • Tarifak familientzat edo taldeentzat, hala nola enpresentzat
  • Familia ugariagatik, ordainketa arruntaren eta noizbehinkakoaren gainean
  • Bizikleta elektrikoen erabilera-tarteen araberako ordainketaren gaineko deskontuak (0-60 minutu), geltokien jatorria edo helmuga auzo garaietan edo urrunetan duten joan-etorrietan

Geltokien sarea


Sistema berriak funtzionamendu ordutegi zabala du: astelehenetik ostiralera 06:00etatik 00:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduz egongo da martxan. Garapeneko lehen fase honetan 46 geltoki jarriko dira hiriko 10 auzo edo gune hauetan:
  • Erdialdea
  • Gros
  • Egia
  • Ategorrieta-Ulia
  • Intxaurrondo
  • Antigua
  • Ibaeta
  • Loiola-Martutene
  • Aiete
  • Amara

Etorkizuneko bigarren fasean, gainera, 22 geltoki gehiago jarriko dira, hiriko beste eremu batzuetara zabalduz:
  • Bidebieta
  • Herrera
  • Altza

Bizikleten ezaugarriak



Bizikleta berriak sendoak dira, eta sistemaren apparen bitartez desainguratzen eta ainguratzen dira. Bizikletak koloreen bidez ezberdinduko dira:
  • Elektrikoek errotulazio berdea dute
  • Mekanikoek, urdina

Elementu teknologikoak, fisikoki, geltokian daude eta ez bizikletan bertan, eta bizikletak mugitzen dira beti ainguraketa batetik bestera; beraz, bizikletak arinagoak dira eta ekintza bandaliko pairatzeko duten arriskua txikiagoa da. Horrek, azken finean, erabiltzaileek esperientzia hobea izatea dakar.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/11/24-an argitaratua