Donostiak lehenbiziko aldiz 187.000 biztanle-kopurua gainditu du

Hiritarren bataz besteko adina 45,87 urtekoa da, eta pertsona helduenak 107 urte ditu

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiak 2018.urtea itxi zuen 187.418 biztanlerekin, hau da, 2017an baino %0,4 gehiago (186.667), eta lehenbiziko aldiz 187.000 biztanle-kopurua gainditu ditu, zazpi urtez jarraian 186.000 biztanle-kopuruan egon ondoren.

Donostiako alkate Eneko Goiak ezagutzera eman ditu 2018ko abenduaren 31ko erroldaren datuak. Eta datuok adierazten dute biztanle-kopurua handitu dela, baita bataz besteko adina ere. Izan ere, bataz beste 2017an hiritarrek 45,71 urte zituzten, eta 2018aren amaieran 45,87. Eta multzoka sailkatzen badira, multzo handiena 50 eta 54 urte bitarteko donostiarrek osatzen dute (14.504)".

Era berean, Goiak azpimarratu du, Donostian emakumeak gehiago direla gizonak baino, hain zuzen ere, biztanleriaren %52,8 emakumeak dira, eta gainera urte gehiago bizi dira. Are gehiago, 65 urte baino gehiago duten pertsonei begiratzen badiegu, emakumeak biztanleriaren %59,8 dira. Eta Amara Berri, Erdialdea, Altza eta Gros dira emakume gehien bizi diren auzoak.

Informazio gehiago: Donostia Data ataria

Auzoak


Hiriko auzoei buruz, ez dago aldaketarik pertsona gehien eta gutxien bizi direnen artean. Hortaz, Amara Berri da jendetsuena 30.479 biztanlerekin (2017an baino 130 gehiago), eta jarraian Erdialdea (21.921, 2017an baino 88 gehiago) eta Altza (20.453, 2017an baino 134 gehiago) daude.

Bestalde, biztanle gutxien dituzten auzoak Zubieta (287 biztanle, 2017an baino 2 gutxiago) eta Igeldo dira (1.064, 2017an baino 7 gutxiago).

Atzerritarrak



Atzerritarren kopurua %8,9 handitu da Donostian 2018an, eta guztira 133 herrialdetako 14.375 atzerritar daude erroldatuta, hau da, 2017an baino 1.175 gehiago. Hortaz, atzerritarrak biztanleriaren %7,7 dira (2017an %7,1 ziren).

Honduras 1.971 pertsonekin da nazionalitaterik ordezkatuena, eta jarraian, Nikaragua (1.697) eta Moroko (984) daude. 2017an ere hiru herrialde hauek ziren ordezkatuenak. Eta 2018an, besteak beste, Yemen, Ruanda, Saudi Arabia, Kenia eta Somaliako pertsonak erroldatu dira Donostian.

Jaiotze-tasa eta zahartze-indizea


Jaiotze-tasari dagokionez, 2018an 6,98 jaiotze egon ziren 1.000 biztanlekiko, 2017an, aldiz, 6,95. Mirakruz-Bidebieta auzoa izan da jaiotze-tasa handiena izan duena (8,49), eta jarraian Amara Berri (8,17) eta Loiola (8,06) daude. Aldiz, Zubietan ez zen inor jaio, eta Martutene (5,44), Intxaurrondo (5,44) eta Igeldo (5,64) dira jaiotze-tasa txikiena izan duten auzoak.

Era berean, zahartze-indizeak handitzen jarraitzen du (194), eta beraz, Donostia 15 baino gutxiago duen pertsona bakoitzeko 65 urte baino gehiago duten 1,88 biztanle izatetik, 1,94 izatera pasa da. Erdialde eta Gros auzoak dira zahartze-indize altuena duten auzoak, 3 eta 2,94ko proportzioarekin, eta aldiz, Aiete eta Ibaeta dira zahartze-indize baxuena dutenak, 1,12 eta 1,17ko proportzioarekin.

Informazio gehiago: Donostia Data ataria

Erlazionatutako dokumentuak

2019/04/23-an argitaratua