Udalerako lau ibilgailu elektriko berri, Replicate europar proiektuari esker

Mantenu-lanen eta Hiri-zerbitzuen Udaleko departamentuak hiri-zaintzara bideratutako Citröen C-Zero markako hiru ibilgailu elektriko erosi ditu, bai eta udal korporaziorako Kia Soul ibilgailu bat ere.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Hiriko Udalaren ibilgailu-flotak handitu egin du ibilgailu elektriko kopurua; hamaika ditu guztira. Bost ibilgailu hibrido eta bi moto elektriko zituen orain arte. Flota osoaren % 13 dira orain. Erosketa horiek Replicate europar proiektuaren bitartez bultzatzen ari den jasangarritasuna sustatzeko helburuz hirian egiten ari diren ekintzen barruan sartzen dira. Smart ezarpenen ligthhouse (itsasargia) proiektua da hori, Horizon 2020 esparru-programaren pean (SCC1 Smart Cities and Communities europar deialdia) ko-finantzatuta dagoena, eta Donostiako Sustapenak zuzentzen eta koordinatzen duena.

Ernesto Gasco alkateordeak adierazi zuen “kotxe hidrogenoaren eta ibilgailu elektrikoaren arteko zalantza teknologikoak eta komertzialak argituta, Udal hau, Ekonomia Bultzatzeko, Turismoko eta Merkataritzako Zinegotzitzaren bitartez, Udalaren flotan zero emisiodun ibilgailuak sartzeko ahalegin handia ari da egiten. Horrela, autobus, kotxe eta motoen erosketak eta sektore pribatuarekiko jarduketa itunduak apustu horren erakusle dira. Gaur beste hiru ibilgailu sartuko dira hornikuntza mugikor horretara, eta nabarmentzekoa da korporazioaren erabilerarako izango dena. Hori guztia Europatik jasotzen dugun babes estrategikoari esker, Replicate Programaren laguntza ekonomikoen bitartez, horri esker finkatu ahal izan baitugu udal politika hau”.

Proiektuan, mugikortasun jasangarriaren alorreko ekintzen artean, bi autobus elektriko ere erosi dira; eta horiek biek, beste bi autobus hibridorekin batera, Urumeako Ibarra (smart ekimenak ezartzeko pilotu gisa aukeratutako barrutia) hiriko erdigunearekin lotzen duen autobusen 26. linea (Martutene) osatzen dute.

Bestalde, sei moto elektriko izango ditu hiriak laster trafikoko agenteentzako, proiektu beraren barruan. Gainera, sektore pribatuan ibilgailu elektrikoak erostea bultzatzen ari da, bai taxi-gidarientzako eta banaketa-flotarako, bai partikularrentzako. Ekintza horiekin batera, hirian ibilgailu elektrikoak birkargatzeko azpiegitura ezartzen ari da.

Energia-eraginkortasuna eta IKTak


Ekimen horiez gain, Replicate proiektuak energia-eraginkortasunaren eta IKTen alorretan ere ezartzen ditu ekintzak. Hain zuzen ere, Txomin auzoan, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzitzak Donostiako Sustapenaren bitartez sustatuta, hiri-berogailu bat eraikiko da, 1.500 jabetza hornitu ahal izango dituena, 7.400 kW-ko potentziarekin eta 1.400 kW-ko bi biomasa-galdararekin.

Ekimen horri esker, % 35 murriztuko da lehen mailako energia-kontsumoa, eta % 90etik gorakoa izango da iturri berriztagarrietatik datorrena. Horrek guztiak CO2 emisioen % 85eko murrizpena ekarriko du. Gainera, etxebizitzetako kontsumoak monitorizatuko dira, eraginkortasuna hobetzeko eta herritarrak energia-jasangarritasunean kontzientziatzeko helburuz.

Abiaraziko den beste ekimen bat izango da auzoko 156 etxebizitza eta 34 komertzioren birgaitzea. Etxebizitza horiek ere berogailu eta ur bero sistema zentralizatura lotuko dira.

IKTen alorrean, abiadura handiko hari gabeko sare mugikorra hobetzen ari da, eta 27. Industrialdean hainbat IP zerbitzu eta argiteria publiko adimentsua ezartzen ari da. Hiriko smart plataforma batean integratuko dira sistemak; horri esker, adierazleak eskuratu, informazioa Open Datan argitaratu eta udal kudeaketa hobetu ahal izango da.

2017/09/21-an argitaratua