Udalak harrera egin die European Youth Parliamenteko gazteei

Gazte hauek EYPren eskualde-konferentzietan parte hartu dute

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak harrera egin die European Youth Parliament (EYP) programan parte hartzen ari diren gazteei, osoko bilkuren aretoan. Izan ere, Donostian dira gazte horiek, martxoaren 5etik 8ra bitartean izango diren eskualde-konferentzien harira.

Egun hauetan, 30 gazte boluntario, batzuk Europako herrialdeetakoak, hala nola Frantzia, Bulgaria, Zipre, Portugal, Alemania, Luxenburgo eta Txekiar Errepublikatik etorriak, eta beste batzuk Estatuko hainbat autonomia-erkidegotatik etorriak, taldeka arituko dira Europako gaurkotasuneko gaiei buruz. Donostiako eta Gipuzkoako hainbat ikastetxe gonbidatu dira hitzordura, hala nola Usandizaga-Peñaflorida, Aldapeta María Ikastetxea, Lizardi BHI, Orixe BHI eta Arizmendi ikastola.

Udalak, Donostia Gazteriaren bidez, topaketa hori babestu eta bultzatu du, parte-hartzaileei garraio publikoko txartelak emanez, bilerak eta lan-saioak egiteko udal-espazioak haien eskura jarriz eta martxoaren 8ko azken saiorako osoko bilkuren aretoa prestatuz.

Iñigo García Villanueva zinegotziak horrelako ekimenen garrantzia nabarmendu du: 'Gazteen parte-hartzea funtsezkoa da hiri irekiago, kritikoago eta demokratikoago bat eraikitzeko. Horrelako espazioei esker, gazteek beren buruari ere eragiten dieten erronkei buruz hitz egin eta eztabaidatu dezakete, bai eta irtenbideak proposatu ere. Donostiak gazteak entzunak, lagunduta eta protagonista sentituko diren hiri izan nahi du'.

Batzordeak

Jardunaldietan zehar, gazteek gaikako batzordeetan lan egingo dute, Europar Batasunaren egungo erronka handietako batzuetan sakontzeko.
Gai hauei buruz eztabaidatuko dute:
  • etxebizitza eskuratzea eta alokairuen prezioa handitzea
  • talentu-ihesa eta horrek eskualdeen arteko oreka ekonomikoan dituen ondorioak
  • sare sozialek gazteen osasun mentalean eta ongizate digitalean duten inpaktua
  • hizkuntza gutxituen babesa eta sustapena
  • Atlantikoko portuen arteko lankidetza eta ekonomia urdinaren garapena
  • gazteek protesta-mugimenduetan duten zeregina eta erakundeei dieten gero eta mesfidantza handiagoa ere.


Batzorde bakoitzak ikuspegi kritiko eta propositibo batetik aztertuko ditu erronka horiek, eta Europaren etorkizuneko hausnarketak eta jarduera-ildo posibleak landuko ditu.Topaketa Donostia Gazteriaren helburu estrategikoen barruan kokatzen da. Helburua da gazteen eta hiriaren arteko loturak sendotzea, gazteen parte-hartze aktiboa bultzatzea eta sormena, ekimena eta garapen pertsonala eta komunitarioa sustatzen duten proiektuak babestea.

2026/03/09-an argitaratua