Emakumeen Etxeen sareak Artesturak arte lehiaketa abiatu du

Eibar, Ermua, Ondarroa, Basauri, Azpeiti, Arrasate eta Donostiako emakumeen etxeek antolatuta, emakume sortzaileen lanak ezagutarazi nahi dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Artea da modu bat balioak adierazi eta transmititzeko, eta, hortaz, tresna funtsezkoa jendartearen errealitatea aztertzeko eta hura eraldatzeko. New Yorkeko Metropolitan Museum-en obrak erakusten dituzten artistetatik % 4 bakarrik dira emakumeak; aldiz, artelan biluzien % 76 dira emakumezkoenak. Madrilen, Museo del Pradon, 5.071 gizon artistek beraien lanak ikusgai dituzten bitartean, soilik 41 emakume artistek erakusten dituzte. Badakigu jakin askoz ere emakume gehiago dabilena, baina haien lana ez da inon ikusten, ikusiezin dago.

Lehiaketa honen helburua da emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzea, ikusgarri egitea eta aintzat hartzea haien lanak, artea sortzen ari diren artista emakumeak ezagutzera emateko, artea lanbide izan edo ez izan. Erakusketa ibiltari bat egingo da, zeina Sareko Emakumeen Etxe guztietatik pasatuko den. Aurkezten diren lanen artean kalitate artistikorik handieneko lanak aukeratuko dira, eta aintzat hartuko dira Emakumeen Etxeen Sarearen filosofia eta helburuak ondoen agertzen dituztenak.

EAEko EMAKUMEEN ETXEEN SAREAren helburua da Emakumeen Etxeen proiektua indartzea, eta horretarako, printzipio komun batzuetatik abiatzen da: berezko espazio bat eskaintzea emakumeei, haien parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzea politika publikoetan jardun dezaten, laguntza eta elkartasun sareak sortzea, eta haien ahalduntzea sustatzea, banakakoa nahiz kolektiboa. Emakumeen Etxeak espazio feministak dira, parte hartzea bultzatzeko baliabideak dituztenak; topalekuak dira, leku pribilegiatu eta erreferenteak udalerrian, ahalduntze prozesuak eta programak dinamizatu eta bideratzeko balio dutenak. Programatzen diren ekintzak emakumeen kontzientzia-hartzea lantzera bideratuta daude -emakumeak jabetu daitezen jendartean zer-nola bizi diren eta non kokatuta dauden-, eta jendarte berdinzalea lortzeko beharrezkoak diren aldaketak identifikatu eta jendartearen parte-hartzea eta mobilizazioa sustatzera. Prestakuntza eta sormen artistikoa horretarako tresna baliagarriak dira, eta horregatik ematen dira tailerrak eta sustatzen da artelanak produzitzea/egitea ikuspegi feminista batetik, baita artelan horiekin erakusketak egitea ere.

Emakumeen Etxeen Sarea 2016an sortu zen, batera lan egiteko, proiektua ikusgarri egiteko eta efektu traktore bat lortzeko, mugitzekoa, udalerrian bertan. Euskal Herriko Emakumeen Etxeen Sarearen kide dira: Arrasateko Emakume Txokoa, Azpeitiko Emakumeen Txokoa, Basaurin Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Durangon Andragunea, Eibarren Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekuaeta Ondarroan Etxelila Emakumin Topaleku.

2016an lehen proiektu bateratua egin zuen sareak: Testurak izeneko bertso saioa, sareko kide diren udalerri guztietan programatu zena. Eta aurten, lehiaketa honen ondorioa, ARTESTURA FEMINISTAK erakusketa ibiltaria egingo da.

Lehiaketaren oinarriak irakurri

2017/07/07-an argitaratua