Azaroaren 26an Kolonbiako Patricia Uribe eta Angélica Naranjoren bisita jaso dugu

Patricia Uribe Mujeres que Crean (Emakume Sortzaileak) elkarteko zuzendaria eta Angélica Naranjo Kolonbiako Emakumeen Giza Eskubideen eta Hiritartasunaren Programaren koordinatzailea.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Bisita honetan, Patricia Uribe Mujeres que Crean elkarteko zuzendariak bere herrialdean gaur egun bizi duten errealitatea azaldu zuen, testuinguruan jarrita. Elkartea Medellinen jaio zen (Kolonbian), indarkeria sozial eta politikoa eta delinkuentzia bizi-bizirik zeuden garai batean, narkotrafikoa zela eta, batez ere.

Patriciak azpimarratu zuenez, orain, bake-akordioaren ondorenean, egoera elkartea jaio zenean baino okerragoa da edo, gutxienez, berdina. Errealitate horren datu batzuk ematearren: 249 emakume lider hil dituzte, Emakumearen Idazkaritzaren aurrekontuak % 30 murriztu dira, gazte gaizkileen talde gehiago daude… Horregatik, egoera horri konponbidea emateko borrokan jarraitzen dute.

Bestalde, Angélica Naranjo Kolonbiako Emakumeen Giza Eskubideen eta Hiritartasunaren Programaren koordinatzaileak Mujeres que Crean elkarteak egiten duen lana azaldu zuen, batez ere, hiru alor hauei dagokienez: prebentzioa, erakundeetako eta hezkuntzako aktoreengan eragina izatea eta emakume liderrak babestea.

Hezkuntza-arloan duten eraginari lotuta azaldu zuen Patriciak “eskola morea” izeneko proiektua. Nesken aurkako indarkeriak prebenitzea du helburu eta, horretarako, hainbat motatako ekintzak egiten dituzte, hala nola, sentsibilizazioa, prestakuntza eta ekintza, ikerketa, komunikazioa eta Medellin hiriko politikan eragitea.
Proiektua Mugarik Gabe GGKEk aurkeztu du eta Donostiako Udaleko Lankidetza Bulegoaren bidez finantzatu da. Medellingo Udalak eta hezkuntza-komunitateak oso balorazio ona eman dute, Mujeres que Crean elkarteko zuzendariaren hitzetan.

Hitzaldia amaituta, bileran zeuden zinegotziek emakumeen gaur egungo egoera eta jasaten duten indarkeria −komunitate guztietan bizi den errealitatea− partekatu ahal izan zituzten, eta jabetu ziren prebentzioan eragiteak duen garrantziaz. Prebentzio lan hori, batez ere, hezkuntza-komunitatean egin behar da.

2018/11/27-an argitaratua