Donostiak, Gasteizek eta Bilbok erabaki dute aurtengo Jaietako Aste Nagusia ez ospatzea

Uda honetan beste kultura-, arte- eta aisialdi-jarduera batzuk egiteko lan egitea erabaki dute hiru alkateek

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Eneko Goia Donostiako alkateak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gaur goizean erabaki dute hiriburuetako jaiak ezin izango direla uda honetarako aurreikusita zeuden egunetan ospatu.

Lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta hiru lurralde historikoetako diputatu nagusiekin egindako azken bileren ondoren, hiru alkateek batera baloratu dituzte COVID 19ak Euskadin eragindako egoera eta Osasun Publikoko irizpideak, eremu publikoan aire zabaleko jarduerak eta hiriko jende askorentzako ekitaldiak egiteko edukiera-mugari dagokionez.

Hainbat agertoki aztertu ondoren, hiru euskal hiriburuetako alkateek erabaki dute beren Aste Nagusia aurten ez ospatzea eta beren udal-taldeekin eta hiri bakoitzeko gizarte- eta kultura-eragileekin lan egitea, 2020ko udan kultura-, arte- eta aisia-jardueren egutegia egin ahal izateko.

Hiru hiriburuen erabakia bat dator Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin eta Eudelen barruan adostutako gomendioekin (Batzorde Betearazleko kideek aho batez erabakita), kultura- eta jai-ekitaldiak egiteko, eta osasun publikoa bermatzeko beharrezkoak diren mugekin.

Osasun publikoko irizpideak
Eneko Goia Donostiako alkateak kontsideratu du hiru hiriburuek erabaki hori hartu dutela zuhurtasun- eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta.

“Ez da inork nahi duen egoera, baina osasunari eman diogu lehentasuna beste edozein kontsiderazioaren gainean”, adierazi du.

Goiak adierazi duenez, Udalak “beste era batera” antolatuko du Donostiako uda, eta, horretarako, “oporrak beharrezko segurtasun-bermeekin bateragarri egiteko formulak eta ekitaldiak bilatuko dira”. Alkateak azpimarratu duenez, “hau urte desberdin bat da, eta, beraz, uda eta jaietako tradizioak berrasmatu egin beharko ditugu modu desberdinean bizi ahal izateko”.

2020/05/15-an argitaratua